Martxoaren hasmentan Mendialdeko Etxebizitza Taldeak eta Baztanen Bizi Nahi Dugu plataformak jakinarazi zuten bigarren etxegabetze bat izanen zela Baztanen. Hain zuzen, martxoaren 20rako Elizondoko familia baten kaleratze aginduaren berri eman zuten. Helegite baten bitartez hori gibelatzea lortu bazuten ere, agindu berria edozein momentutan ailegatzea espero zuten.
Baina berriki jakinarazi dutenez, «ziurtatu ahal dugu epaitegiak etxegabetzea abenduaren 31ra arte bertan behera utzi duela. Izan ere, familiaren zaurgarritasun egoera aitortzea lortu dugu». Argi utzi dute «lan militanteak eta gibeletik egindako presioak» lortu dutela hori; «gibeletik egon izan ez bagina (familia artatzen, Gizarte Zerbitzuekin esku hartzen, epaitegietan presioa egiten…), ziurra da familia karrikan egonen zela. Are gehiago, etxegabetzea isilpean pasa izanen zen».
Hori dela eta, «antolatzeak merezi duela» aldarrikatu dute, eta bide horretan segituko dutela: «etxegabetzeen kontra eta etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsalaren alde».