Apirilaren 23an izanen da Liburuaren Eguna, baina haurrak oporretan izanen direnez, atzo ospatu zuten eguna Almandozko eskolan. Ekitaldi ugari izan zituzten eskolako liburutegian adin guzietako ikasleendako.
Lehenik ipuin kontaketa izan zuten; maisu-maistra bakoitzak eskolako txoko bat atondu zuen eta, txandaka, ikasleek txoko bakoitzeko ipuinaz goxatzeko aukera izan zuten.
Ondotik eskulanak izan zituzten, eta ikasle guziak gela berean bilduta orri markatzaileak egin zituzten. Material ugari izan zituzten eskuragarri: argizariak, gometxak, tenperak, errotuladoreak… eta bizpahiru orri markatzaile egin zituzten ikasle gehienek, beraiendako eta familia eta lagunen artean banatzeko.
Azkenik, etxetik ekarritako liburuak haien artean trukatzeko aukera izan zuten, etxean jada hainbertzetan irakurtzen ez dituzten liburu horiek bertze batzuengatik aldatzeko.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!