Elizondoko Benito Menni ospitale zentroko langileek borzgarren greba txanda eginen dute heldu den astean, apirilaren 21etik 30era. Nafarroako Gobernuaren «pasibotasuna» salatu dute, «langileak prekarietate egoeran betikotzen dituelako eta zerbitzuaren kalitatea okertzen denean neurririk hartzen ez duelako».
Izan ere, zentroak Elizondon dituen hiru eraikinetako bat hetsi du Hermanas Hospitalarias enpresak, «Nafarroako Gobernuaren baimenarekin». Bertako 36 erabiltzaileak birkokatu behar izan dituzte, «eta horrek kalte nabarmena eragin du emandako zerbitzuaren kalitatean eta plantillan. Langile batzuk kaleratu dituzte, eta bertze batzuei lan baldintzak okertu edo eginkizunak aldatu dizkiete». Zehazki, aldaketak 42 pertsonari eragiten die, «horietatik 33 zuzeneko kaleratzeak, ezkutuko kaleratzeak, funtzio aldaketak edota lanaldi aldaketak».
Nafarroako Gobernuak zerbitzu publikoa azpikontratazeko erabakia hartzean, «pertsona zaurgarrien zaintza negozio bihurtu duela» leporatu diote, «errentagarritasun ekonomikoa zerbitzuaren kalitatearen aitzinetik paratzen duten enpresen esku uzten duelako». Hortaz, gobernuari eskatu diote «bere gain har dezala zerbitzuaren kalitatea bermatzeko dagokion erantzukizuna, pazienteen arreta egokia bermatuko duten instalazioak berrezartzeko eta horretarako behar den plantilla ere berrezartzeko, lan baldintza duinekin».
Azkenik, «sektore feminizatuetako genero arrakala eta prekarietatea» salatu dute; «Nafarroako Gobernuak behar den aurrekontua jarri behar du azpikontratatzen dituen lanpostuetan sortzen den prekarietatea ezabatzeko». Hortaz, langileek mobilizazioekin segituko dute «helburuak lortu arte».