Akordeoi doinuek Elizondoko karrikak alaitu dituzte larunbatean

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 14a, 13:00

70 soinu jotzailetik goiti bildu ziren Nafarroako Akordeoilarien Topaketan eta giro ederra izan zuten egun osoan

Argazkiak: Ondikol

Izaskun Iparragirre antolatzaileak azaldu duenez, «larunbatean egun ederra pasatu genuen. 70 bat akordeoilari elkartu ginen Elizondoko karrikak alaitzen. Eguraldia ere lagun izan genuen, beraz, goizerako prestatuak ziren ekitaldi guziak kanpoan egin ahal izan genituen».

Terrazetan ongietorri polita egin zuten; alde batetik Iparragirrek hitz batzuk erran zizkien bertaratu zirenei, bertzetik Beñat Verde Elizondoko alkateak esker hitzak eskaini zizkien, eta akitzeko, Gartzaingo Kattalin Arraztoak eta Itxaso Barriolak aurresku bat dantzatu zuten, Itziar Aleman, Jaione Elizagoien, Mikel Iparragirre eta Izaskun Iparragirrek akordeoiarekin lagunduz. Hala ere, «ustez ongietorria akitua zela, bestako kideek Miguel Iparragirre akordeoilari zenari omenaldi polit bat egin zioten, familia eta inguru guzia hunkituta utzirik…».

Ondotik gosaldu eta, berriz ere indarberrituak, Lur aretora kalejiran itzuli ziren bertan bazkaltzeko. Bazkarian «240 lagun inguru elkartu ginen, giro ederrean. Bazkalondoan musika soinuarekin segitu genuen, eta nahiz eta eguna luze izan, zenbaitzuendako labur gelditu zen».

Egunaren balorazio positiboa egin du Iparragirrek, «antolatzea lana izan da, baina dudarik gabe, merezi izan du. Mila esker antolatzen lagundu duten guziei! Heldu den urtean Leitzan ospatuko dugu eguna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!