Herriko erreka bazterreko landaretzaz bisitaldi gidatua egin dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 14a, 11:00

Lorea Flores ibai ekologian doktorearen gidaritzapean, Elizondoko ugalde bazterrean barna ibilaldia egin zuten larunbatean, Baztango Talde Ekosozialak antolaturik

Argazkiak eta testua: Baztango Talde Ekosoziala

Ibilaldia herri berde eta bizigarriagoak bultzatzeko helburuz egiten ari diren saioen artean bertze bat izan zen; oraingoan, herriaren eta errekaren artean den landaretzaz. Herritarrek maiz, zikin eta moztu beharrekoa ikusten duten horretaz.

Hasteko, ugalde bizi eta naturalez mintzatu zen, eta horrelakoetan egur hilek, sasi eta landareek duten funtzioaz. Egur hilek, erran moduz batez, sedimentuak eta materia organikoa metatzen dituzte, eta horrek, bizidunendako jatekoak ekartzen ditu, habitat konplexutasuna handituz, arrain, intsektu e.a. Alta, ugalde nagusietako ibilguak artifizializatuak daude, ubide zuzenak dituzte eta sedimentuak garraiatzen dituzte. Hori bera, Muniarteko zubitik ikusi ahal izan zuten, non erreka bi pareten artean bideraturik den, ur emariaren berezko fluxua baldintzatuz, ura handitzen delarik abiadura emanez eta moteltzeko tokirik gabe, bihurgunean ez bada; hor hain zuzen, sedimentuak eta materia organikoa biltzen diren tokian, landaretza agertzen da.

Puriosenea paretsuan sasiak, zuhaitzak eta enborrak ustez sortzen duten arriskuaz mintzatu zen, haatik, zuhaitzek emariaren abiatura ttipitzen dute, eta sustraiek lurra atxikitzen dute, bertzenaz errekak dena eramanen luke. Doike, herri barnean egonik behetiko aldean zubirik ba ote den ikusi behar da edo zein bertze ondorio sortzen ahal diren.

Modu berean, herri barneetan ibar basoak garatuegiak ez daudelarik, batzuetan, sistema horiek finkatzeko gizakiaren esku hartzea beharrezkoa da. Halaber, gure herriak ugaldeari bizkarra emanez bizi direla erran zuen, eta ingurumen hezkuntzako jarduerak garrantzitsuak izan litezkeela, ugaldeari balioa emateko eta bertze harreman bat eraikitzeko.

Akitzeko, ibilaldian aldaketa egin zuten, eta Giltxaurdiko kiroldegiaren eta zubiaren artean bukatu zuten. Futbol zelaia den tokian makaldia zegoen lehen, baina hura kirol instalazioak egiteko moztu eta desagertzerakoan, ugaldearen berezko fluxua aldatu eta azkeneko urteetan ugaldeak metatutako sedimentuen gainean ibar basoa eratu da aipatutako tokian. Toki horren balioaz eta hor egin daitekeenaz mintzatu ziren. Baina, horretarako, toki zehatz batean esku hartu aitzinetik, lehenago herri ereduaz gogoeta egin behar dela beharrezkoa ikusi zuten batzuk.

Nolanahi ere, Lorea Floresen azkeneko hitzak beroketa globalaz, eta horrek ekarritako klima aldaketaz izan ziren; uholde zakar eta bortitzagoak gertatzen ari direla eta gertatuko direla erran zuen, eta horrelako agertokietarako egokitzapen edo adaptazioak egin beharko direla, eta hori ere, kontuan hartu beharko dela ugaldeen kudeaketaz solastatzerakoan.

Azkenik, larunbatekoa egin orduko, herri berde eta bizigarriagoak helburu, ondoko hitzordua iragarri zuten Talde Ekosozialeko kideek; herri barneko gau-enaren eta gaueko fauna tipiaren ikustaldia, abuztuan 13an, hain zuzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun