Nafarroako EH Bilduk Oronoz-Mugairiko lanbide heziketako ikastetxe berria eraikitzeko akordioa sinatu zuen apirilaren hasmentan Nafarroako Gobernuarekin. Akordioari esker, «zentroa eraikitzeko behar diren bitartekoak bermatzen dira, baita kronograma bat ere, eskaintza modu adostuan birbideratuz eta finantzazioa bermatuz».
Ikastetxea «eskualdeko eragileek aspalditik egindako aldarrikapen bat» dela adierazi du taldeak, «proiektua urte gehiegitan ahaztuta egon da, Gobernuaren aldetik hori aurrera eramateko inolako interesik gabe, eta EH Bildutik, eskualdeko eragile sozial, hezkuntza eremuko eta ekonomikoen eskutik, proiektua berreskuratzea eta gauzatzea lortu dugu».
Eskualdeko ordezkariekin bilkura
Joan den ortziralean Laura Aznal Nafarroako EH Bilduren bozeramailea eta Eneka Maiz parlamentaria eskualdean izan ziren, eta bilera egin zuten Fernando Anbustegi, Aitor Elexpuru, Ladis Satrustegi eta Arantxa Arregi alkateekin, baita Elizondo IIP Lanbide Eskolako zuzendari Iñigo Gorrotxategirekin, Berako Toki Ona BHIko Igor Arruabarrenarekin, Lekarozko BHIko Iñaki Beltranekin eta Cederna Garalur Elkarteko ordezkari Izaskun Abrilekin ere.
Ikastetxe berria non kokatuko den ezagutzeaz gain, «lortutako akordioaren inguruan balorazioak eta hausnarketak partekatzeko balio izan zuen topaketak». Anbustegi Baztango alkateak nabarmendu zuen «proiektu estrategikoa dela eskualdearen etorkizunerako. Aspalditik beharrezkoa zen azpiegitura da, eta eragile sozioekonomikoen eta hezkuntza komunitatearen artean adostasun handia dago. Ziur gaude eskualde osorako zentro erreferentziala izanen dela, hezkuntza eskaintza zabaldu eta hobetuko duelako, eta gure herri eta eskualdeen garapenerako ere ardatz oso garrantzitsua izanen delako».