Arizkungo Azkarate ikuztegian langileen baldintzak hobetzeko akordioa sinatu dute

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 9a, 15:30

LABek positiboki baloratu du «langileak elkarrekin bide hau egin izana eta enpresak langileon proposamenak kontuan eduki izana»

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, «langileon eguneroko bizitzan eragin positiboa izango duten neurriak» adostu dituzte Arizkungo Azkarate ikuztegian; «Ordu murrizketa, KPIaren araberako soldata eguneratzeak, gaueko plusa kobratzea, antolamenduan hobekuntzak (lan ordutegiak zehaztea, hilabeteetako egutegiak aitzinetik edukitzea)… Orokorrean lehendik zehaztu gabe zeuden zenbait puntu antolatu eta adostu ditugu».

«Azken urte honetan egindako ibilbidea» nabarmendu dute, «izan ere, 2023ko abenduan langileak elkartu eta hauteskunde sindikalak egiteko erabakia hartu genuen. Hortik aitzinerat enpresarekin harremana formalizatu eta langileen aldetik genituen proposamenak lantzen hasi ginen. Zenbait bileren ondotik esku artean dugun akordioa adostea lortu dugu. Hau ezinezkoa izanen zen duela urtebete hasitako bideari ekin izan ez bagenio».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun