Azken bi urteetako arrakastaren ondotik, areto futboleko torneo solidarioa antolatu dute aurten ere Baztango hainbat gaztek, Aste Sainduari begira. Apirilaren 12an hasiko da txapelketa eta 19ra bitarte arratsaldero jokatuko dituzte partidak Elizondoko kiroldegian. 14 taldek parte hartuko dute aurtengo edizioan, iaz baino bi gehiagok, gehienak Baztangoak baina baita ingurukoak ere.
Joan den urtean Onddo Cup txapelketak 3.000 euro bildu zituzten Saray eta Biziraun elkarteendako, eta aurten ere bi elkarte horiendako izanen dira irabaziak. Antolatzaileek egun horietan kiroldegira hurbiltzera animatu dute jendea.