Egoera salatzeko mobilizazioekin segituko duela iragarri du Baztango Osasun Plataformak

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 3a, 10:30

100 lagun baino gehiago bildu ziren atzoko elkarretaratzean Elizondon.

Hurrengo elkarretaratzea maiatzaren 7an izanen da, 18:30ean osasun zentroan. Ekainean, berriz, «ohiko kontzentrazioaren partez bertze zerbait egitea pentsatu dugu, oraindik zehaztu ez dugun arren. Irekiak gaude ideia eta proposamenetara».

Atzoko elkarretaratzean, orain arteko errepasoa egin zuen Baztango Osasun Plataformak. Esplikatu zutenez,«joan den urteko maiatzean, Elizondon, helduendako egon beharko luketen hiru medikuetatik bakarrarekin gelditu ginen, mediku honen gain geldituz Elizondo-Elbeteko biztanleria guziaren arreta. Nafarroako Gobernuko osasun arduradunek ez zuten soluziorik bilatu, eta taldeko bertze medikuek, borondatez ordu estrak sartuz nolabaiteko arreta bermatzea lortu zen. Hala ere, udan osasun langileen opor guziak ez dira ordezkatzen, bereziki medikuenak, eta horrek  arretaren kalitatea kaskartzen du, baita pertsonen arretaren jarraikortasuna erabat oztopatu ere. Aipatzekoa da, Urdazubi eta Zugarramurdin osotara 10 bat egunez urgentzietako medikurik gabe egon zirela udan, erizaina bakarrik utziz, eta Elizondoko medikuaren gain jarriz bere eremuaz gain, bi herri hauen gaineko arreta». 

Abuztu bukaeran «herritar talde bat elkartu eta arazoa egiazki kezkagarria zela ikusi genuen eta Baztango Osasun Plataforma sortu. Irailean hasi ginen mobilizazioekin. Iraila erdi aldera, Elizondon plaza zuen mediku bakarra lekuz aldatu zen, eta medikurik gabe gelditu ginen. Iraila bukaeran manifestazioa egin genuen. Mobilizazio hauen ondorioz, hasieran mediku bat eta ondotik bigarren bat kontratatu zituzten Elizondoko bi plaza hutsak betetzeko. Mediku hauek ez dute familia mediku espezialitaterik. Hiru plaza hauek oposizioetara atera ziren eta plazen banaketaren zain geunden».

Abenduan, «oposizioen erresoluzioa atera zen eta hiru plazak hartu zirela ikusi genuen. Otsailean hasi behar zuten beren plazetan, baina mediku bakarrak hartu zuen plaza. Bertze biak, momentuz ez zirela hasiko jakin genuen. Berriz ere bi plaza horiek behin-behinean hutsik gelditu ziren. Ordura arteko medikuetako bati kontratua luzatu zioten. Beraz, bi mediku modu erdi finkoan aritu dira. Eta hirugarrenean taldeko bertze mediku bat ordu estrak sartuz».

Hortaz, «urrian aipatu genituen eskaeretan berresten gara»:

  • Dagozkigun mediku, pediatra eta gainontzeko osasun langileen ratioak bete daitezela.
  • Langileen opor eta bajak ordezkatuak izan daitezela.
  • Osasun langile euskaldunek artatu gaitzatela.
  • Osasun langileen egonkortasuna bultzatzeko neurriak har daitezela.

Horiek «minimoak dira. Izan ere, gure ibilbidean aipatu dugun bezala, argi daukagu Baztango zerbitzuaren hutsuneak ez direla kasualitatea. Osasun sistema publiko osoa jarri dute kinka larrian, enpresa pribatuak indartu dituzten bitartean. Hori horrela, orain arte bezala, Nafarroako Osasun Plataformarekin elkarlanean jardungo dugu, Baztango aldarrikapen zehatzekin batera Osasun Sistema Publiko duina aldarrikatzen. Besteak beste, momentuan Nafarroako Foru Parlamentuan Osasun Legearen idazketan ematen ari den eztabaidan eragiteko».

Nafarroako Gobernuak egindako proposamena «ez da ona izan. Hainbat ataletan hauteman ditu hutsuneak Nafarroako Osasun Plataformak. Gaur bi aipatuko ditugu: Osasunbidearen izaera juridikoa aldatzea proposatzen du, txarrera, egitura publikotik pauso bat urrunduz; eta ez du kontrol zehatzik zehazten baliabideak enpresa pribatuei bideratzearen inguruan».

Hori dela eta, «mobilizazioekin segitzea» erabaki dute, «eta norbaitek plataforman iraunkorki parte hartu nahiko balu ateak irekita daude zuen ekarpena egin dezazuen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun