Oronozko Lanbide Eskola berriaren lanak abenduan hasiko dituztela erran du Hezkuntza Departamentuak

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 1a, 16:30

Ikastetxearen lanak hasteko mobilizaio ugari egin dituzte eskualdean.

Ikastetxea 2028/29 ikasturterako martxan egotea aurreikusi dute eta 13 heziketa ziklo eskainiko ditu

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak jakinarazi duenez, Oronozko Lanbide Eskola berria egiteko lanen lizitazioa atera dute 24.771.397 euroko aurrekontuarekin. Lizitazioaren esleipena uda akitu aitzinetik egitea aurreikusi dute, eta lanak aurtengo abenduan edo, beranduenez, 2026 ilbeltzean hastea. Horrela, 2028ko ekainean akituko dituzte obrak eta ikastetxea martxan egonen da 2028/29 ikasturterako.

Baztan-Bidasoko ikastetxeetako zuzendariak eta alkateak Hezkuntza Departamentuarekin bildu dira gaur goizean akordioa egiteko.

13 hezkuntza ziklo

Hezkuntza eskaintzari dagokionez, ikastetxe berriak Lanbide Heziketako 13 ziklo eskainiko ditu guztira.

  • Oinarrizko Mailan bi gradu izanen dira: Bulegoko Informatika eta Elementu Metalikoen Fabrikazioa.
  • Erdi Mailan, berriz, bortz ziklo izanen dira: Administrazioa eta Kudeaketa, Mantentze-lan Elektromekanikoa, Erizaintzako Zaintza Osagarriak, Mekanizatua eta Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoa.
  • Goi Mailan lau ziklo hauek emanen dituzte: Administrazioa eta Finantzak, Mekatronika Industriala, Gizarte Integrazioa eta Zuzendaritzarako laguntza (urte bateko eskaintza modularra). Horrez gain, Basoa eta Ingurune Naturala Kudeatzeko goi mailako zikloa sartuko dute aitzinerago, Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoko lehen promozioko ikasleek gradua akitzean, horretarako beharra ikusten badute.
  • Lanbide Hezikleta Bereziko zikloen artean, Ostatu eta Garbiketa arloko laguntzaile izateko zikloa emanen dute.

Lanak eginda, 4,9 milioi euroko inbertsioa eginen dute ikastetxeko tresneriaren hornikuntzarako. Kopuru hori graduen arabera banatuko dute: ziklo industrialetan 2.706.565 €, komertzio eta kudeaketako zikloetan 224.300 €, erizaintzako zikloan 263.210 €, informatikakoan 292.260 €, kudeaketa eta finantzetarako 147.234 €, Heziketa Bereziko zikloan 86.350 €, nekazaritza ekoizpenerako 349.536 €, ikasgela digitaletan 712.500 € eta espazio komunen hornikuntzan 150.500 €.

Horrez gain, Hezkuntza Departamentuak jakinarazi du Natura Inguruneko eta Aisialdiko Gidari zikloa Lekarozko Institutura bueltatuko dela (azken urteetan Elizondo Lanbide Eskolak eman du ziklo hori). Horretarako, kiroldegiko estalkiaren konponketa lanak hasi dituzte, 2026an lizitatuko dituzte instalazioen egokitzapen lanak, eta 2027an abiatuko dituzte obrak. Oronozko Lanbide Eskola martxan hastearekin batera hasiko dira Lekarozen ziklo hori eskaintzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun