Baztango Udalak 11.407.032 euroko aitzinkontu orokorra onartu du 2025eko

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 28a, 11:30

Bideak breaztatzeko 169.250 euroko inbertsioa eginen dute.

Atzoko osoko bilkuran onartu zuten aurrekontua, EH Bilduren eta Zurekin Baztanen aldeko bederatzi botorekin eta Baztango Independenteen, UPNren eta Geroa Bairen kontrako lau botorekin

Aitzinkontu orokorrak Baztango Udalaren, Baztan Ikastola eta zahar etxea erakunde autonomoen eta Lixura enpresa publikoaren aurrekontuak biltzen ditu. Zehazki, udalarena 10.454.429 eurokoa izanen da, ikastolarena 947.800 eurokoa, zahar etxearena 4.803 eurokoa eta Lixurarena 796.638,74 eurokoa. Horiek kontsolidatuta eta kontuan hartuta erakunde bateko sartzeak bertzeko ateratzeak izaten ahal direla, udaletxearen aurtengo aurrekontu orokorra 11.407.032 eurokoa da.

Horrez gain, Giltxaurdi enpresa publikoak 572.012,02 euroko aitzinkontua du, baina merkatuko enpresa denez, ez da aurrekontu orokorrean sartzen. Gauza bera Zaintza Lanak Baztan enpresa publikoarekin, aurtengo aurrekontua 3.271.440 eurokoa izanen duela.

Aurrekontuko sailak

Ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuen saila da haundiena, 3.959.173 eurorekin; pertsonal gastuena, berriz, 3.196.515 eurokoa da.

Nabarmentzeko bertze sail bat inbertsioei bideratutakoa da, 2.046.248 eurokoa. Aurreikusitako inbertsioen artean, haundienak: haur eskolari teilatua paratzea (420.000 euro), hondakin organikoa biltzeko kamioia erostea (240.000), hainbat bide breaztatzea (169.250), oihangintza jarduerak (135.000 euro) eta nekazaritza azpiegituretarako (77.500 euro).

Etxebizitzaren arazoaren harira, parke publikoa handitzeko helburuarekin, Arizkun, Oronoz, Elizondo eta Almandozko eraikinen memoria baloratuak egiteko diru saila sortu du.

Bertzalde, udal azpiegituren eraginkortasun energetikoari buruzko azterketa bat ere eginen dute, iaz Amaiurren egin bezala, eta energia komunitatea sortzeko prozesuan lagunduko du udalak Lekarozen.

Helpbidearen inplementazioa Baztan osoan garatu eta herrietako kale izendegiaren eguneraketara ere bideratuko dituzten aurten baliabideak.

Langilerian egindako inbertsioan, nabarmentzekoa da, erraterako, Lixura enpresa publikoan, Haur Eskolako langileei eta garbitzaileei antzinatasuna aitortu zaiela, etxez etxeko langileak E mailatik D mailara pasatuko direla zaintza lanen aitortza gisara, eta % 75eko lanaldia zuen gizarte hezitzailearen lanaldia % 100era pasako dela. Era berean, etxez etxeko zerbitzuari ere ordu gehiago eskainiko zaizkio.

Aurtengo inbertsioei, iazko aurrekontuetako hainbat partida gehitu behar zaizkie. Haundiena, Francisco Joaquin Iriarte zahar etxea berritzeko lanen lehen fasearena da. Lanak iaz hasi ziren eta aurten, urriaren 31 baino lehen akituko dira. Horren exekuzioak 5.797.784,28 euroko aurrekontua du.

Almandozko ibilbidea ere aurten exekutatuko da, 990.000 euroko inbertsioarekin. Argiteria publikoaren berritzea ere azken txanpan sartua da, 550.000 euroko aurrekontuarekin.

Baztan-Bidasoko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren baitan ere, aurten bertze hainbat proiektu eginen dituzte: Doneztebetik Elizondorainoko bide berdea (2.196.691,20 euro), Erratzuko harrera gunea eta herri sarrerako parkinga (213.000), Amaiurko tornua, museoaren lekualdatzea eta parkingaren hasierako moldaketa (230.748,62) eta Xorroxingo ibilbidea (55.794,17).

Zorpetze mailak nabarmen egin du beheiti

Udalaren zorpetze maila % 36,09koa da, legeak finkatzen duen % 110eko mugatik urrun. Gainera, udalak azaldu duenez, «azken urteetan zorrak nabarmen egin du beheiti. Duela 13 urte 13 milioi eurotik goitikoa zen eta 2025eko urtarrilaren 1ean 3.458.331,97 eurokoa da, zahar etxeko lanetarako hartutako 2 milioi euroko mailegua barne».

Azkenik, aurtengo udal plantilla organikoa ere onartu zuten atzo. Horrek EH Bilduren, Zurekin Baztanen eta Geroa Bairen aldeko hamar boto izan zituen, UPNren kontrako boto bat eta Baztango Independenteak taldearen bi abstentzio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun