Baztandik Independentziara! eguna ospatuko dute apirilaren 4an eta 5ean Erratzun

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 25a, 17:00

Baztango Ernai taldeak ekitaldi ugari antolatu ditu ortzirale eta larunbaterako

Baztandik Independetziara! eguna antolatu du Ernaik apirilaren 4an eta 5ean Erratzun, «gazteek independentziaren aldarria bereganatu eta Ernaien proiektura hurbiltzeko» helburuarekin.

Ortziralean mahai-ingurua eginen dute, Gazteok hamaika bide independetziarat izenpean, 19:30ean Lixutegian. Euskal Herrian Euskaraz, Bilgune Feminista, Ikama eta Ernai kolektiboek parte hartuko dute. Ondotik, Zubi Puntak erakusketa eta kontzertuak antolatu ditu.

Biharamunean, larunbata, erakusketa karpan egonen da ikusgai goiz osoan. 12:30ean bertso poteoa izanen da ostatuz ostatu, Zubi Puntatik abiatuta. Kattin Madariaga, Irantzu Idoate, Josu Txoperena, Ekhiñe Zapiain eta Haira Aizpurua bertsolariak arituko dira. 14:30ean bazkaria eginen dute; txartelak eskuragarri daude 10 eurotan 608 716 886 telefonoan eta apirilaren 1era arte eman daiteke izena.

16:30ean bingo musikatua eginen dute eta 18:30ean elkarretaratzea plazan, Aire hemendik! Guardia Zibilaren kuartelik ez lelopean. 19:00etan triki poteoa izanen da M&Men eskutik eta 20:30ean bokatada. Azkenik, 21:00etatik aitzinerat kontzertuak izanen dira: Soletikan erromeria taldea, Bad Sound System eta Pussy Gyals DJa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun