Lehen doinuak
Bertsolaritzarako zaletasuna «zehazki noiz eta nondik etorri zitzaidan» ez dakien arren, gogoan du «noiz sortu zuen nigan zirrara moduko bat; eskolan Estitxu Arozenak bertso batzuk jarri zizkigunean, Xalbadorrek txistuak txalo bihurtu zituenekoak».
Abiapuntu hortatik, «guttinaka» sortu zitzaion bertsolari izateko grina. «2017an Bertsolari Txapelketa Nagusia akitu eta Xabi Maiari talde bat sortzea proposatu genion. Taldea sortu genuen eta bertsoak engantxatu ninduen». Hala ere, aitortu du ez zela erraza izan plazarako saltoa ematea; «lotsa ematen zidan bertso eskolakoen aitzinean aritzeak… pentsa jendearen aitzinean!».
Oholtzaren gainean
Geroztik zenbait lekutan aritu da kantari lekaroztarra, eta esperientziak nerbioak baretzen lagundu diola dio; «lehenbiziko aldietan saioa baino aste bat lehenago hasten nitzen urduritzen, orain, aldiz, hasi aitzinetik pixka bat bertzerik ez, aitzineko egunetako hura kudeatzen ikasi baitut».
Izan ere, «aitzineko asteetan buruari hainbertze buelta ematea, bat-batekoa den lanaren inguruan, alferrikako lana da». Kantatzerakoan kontzentratzeko, aldiz, «bat-batekoaren adrenalinak eta lasaitasunaren arteko orekak laguntzen nau».
Nafarroako Bertsolari Txapelketan ere aritua da, maila altuko lehiaketa; «bertsolari onei urte guziko saioetan nabaritzen zaie maila, txapelketetan, ordea, teknikan arreta gehiago nabaritzen da. Afarietan edo molde informaletan, teknikan arreta guttiago jarrita ere, maila erakusten dute».
Hala ere, argi du bertsolaritzarako trebezia landu beharrekoa dela; «nire iduriz, bertso eskolan lantzen ez duenak edo bere kabuz aritzen ez denak, nekez eginen du ongi bertsotan. Umorea, sentiberatasuna eta hartzailearengan eragiteko lagungarri direnak izan daitezke, akaso, berezkoak edo bizitzak emandakoak».
Gartziari dagokionez, afari edo poteoetako saioak gustuko ditu gehien, «librean aritzekoak gehienbat, ingurua ez den bertze gairik gabe. Barruak momentuan eskatzen didanari kantatzea gustatzen zait, erratekoak ematen dizkidanari, alegia». Oholtza, berriz, «nirekin partekatu nahi duen edozeinekin partekatuko nuke, ni gainean nagoen bitartean…».
Etorkizunera begira
Baztango bertsolaritzaren egoera «aldian aldikoa» dela dio, «herri, udal edo eragileen iniziatiba edo borondatez bere agerraldiak dituena, baina bertsoa eta bere transmisioa 'ziurtatuko' lukeen motorrik gabea. Ez baitago hori bermatuko duen bertso eskolarik momentu honetan, urteko egitarau batekin».
Gazteen artean ere, «etorkizun ona duen edo ez, ezin jakin momentua ailegatu arte. Egia da asperdura une motzeko atentzioz estaltzen ari garela, sare sozialetako bideo motzak horren adibide. Bideo motz horiek ikusten orduak pasatzen ditu jendeak, baina minututik goitikoak paretik kentzen dituzte, eta bertsolaritza atentziotik bizi da. Beraz, ikusi behar zer dakarren etorkizunak».
Argi du, ordea, etorkizunean «bertsoaz gozatzen segitzearekin» nahikoa duela. «Hala den bitartean, etorriko diren plaza edo oholtzak gozatzen ahalko baititut».