Joan den urtean hutsik gelditu zen Oronozen eraikitzekoa zen lanbide eskolaren lizitazioa, eta Nafarroako Gobernuak obrari finantziazioa kentzea erabaki zuen. Egoera salatzeko, eskualdeko ikastetxeek jarduera ugari egin dituzte, Oronozko Lanbide Eskola Orain! plataforma sortuz.
Gaurko agerraldian esplikatu dutenez, «PSNk sinatutako konpromisoaren arabera, prozesu berri honek hiru fase izanen zituen»:
- Hezkuntza Departamentuak eta Baztan-Bidasoko udal eta eskolek hezkuntza eskaintza berria adostea.
- 2025ean onartu beharreko epe ertaineko aurrekontuetan (2025-2028) Baztan-Bidasoko Lanbide Eskolako obraren finantziazioa ziurtatzea.
- 2026an obrak hastea.
Beraz, «obraren finantzazioa 2025ean ziurtatzeko, lehenik proiektua idatzi eta lizitatu behar da. Horrek eskatzen duen denbora ikusita, eta Hezkuntza Departamentuak hezkuntza eskaintzaren eztabaida itxi gabe duela jakinda, Baztan-Bidasoko Lanbide Eskola berria egoera larrian dagoela diogu».
Gaineratu dutenez, «hamarkada bat baino gehiago da Nafarroako Gobernua bueltaka dabilela eskualdeko garapen sozioekonomikorako ezinbertzekoa den proiektu honekin. Iazko uztailean obrari finantziazioa kendu ondotik, proiektua hasierako puntura bueltarazi zuen, eta orain ikusten dugu aipatutako konpromisoaren lehen fasean berriz ere bueltaka dabilela».
Hori dela eta, «gaur alarma gorria pizten dugu eta adierazten dugu, proiektua laster lizitaziora ateratzen ez badute, obrak ez direla legegintzaldi honetan hasiko. Horregatik, Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu sinatutako konpromisoa bete dezala eta, oraingoan bai, denborak bete ditzala».