Juan Miguel Munarrizek 'Origen e historia de la lengua vasca' liburua aurkeztu du

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 20a, 15:30

Argazkia: Baztango Kultura Zerbitzua.

Prentsaren aitzineko aurkezpena egin du goizean, arratsaldean, berriz, herritar guziendako aurkezpen irekia eginen du, 19:00etan Arizkunenean

Juan Miguel Munarriz elizondoarrak Origen e historia de la lengua vasca: de enigma a prototipo liburua aurkeztu du gaur goizean Arizkunenean, euskarari buruz egin duen hirugarren publikazioa.

Aurkezpenean azaldu duenez, azken urteetan «lau liburu argitaratu dira, modu batera edo bertzera, euskararen jatorria argitu nahi dutenak»: Euskararen historia (2018, Joseba Lakarra, Joakin Gorrotxategi eta Ivan Igartua), L'origine de la langue basque (2018, Eñaut Etxamendi, Dominique eta Fina Davant eta Roger Courtois), Un enigma esclarecido: el origen del vasco (2021, Jaime Martin) eta Euskararen genesiaz (2019, Munarrizek berak idatzia).

Lau liburuek «elkarren arteko desadostasunak» zituztenez, «euskararen jatorria guztion eskura dagoela» erakutsi nahi izan du azken liburuan. Zehazki, hizkuntzaren egituran oinarrituta, «euskaraz solastatzen noiz eta non hasi zen argitzeko dauden aukera guztiak aztertzen» saiatu da Munarriz, eta paleolitikoraino eraman du euskararen jatorria.

Liburuaren bitartez, «euskararen aztarnategi arkeologikoa ezagutarazi» nahi du egileak, baita «euskarazko adituak bultzatu haien euskalkien azterketa egitera, bertako hitzak berreskuratzeko eta dagokien hizkuntza mailan jartzeko». Horrez gain, «bertze hizkuntzetako adituak animatu nahi ditut azterketa honekin zeharka sortu diren gaien azterketa osatzera. Giza hizkuntzaren jatorria horietako bat da, eta 'gramatika unibertsala' bertze bat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun