Narbarteko Bertiz Abentura Parkeak lau urtetik goitiko umeendako egokitutako tirolinak eta zailtasun desberdineko sei zuhaitz zirkuitu ditu. Asteburuetan egonen da zabalik, 10:00etatik 14:00etara, eta aldez aurretik hartu beharko da hitzordua. Gainera, Aste Sainduan eta udan arratsaldez ere irekiko dute, 15:00etatik 18:30era.
Elizondoko Baztan Abentura Parkean, berriz, adin guziendako eskaintza dute. Bi tirolina zirkuitu dituzte, gazteenentzako 20 metroko altueran eta ausartenentzako lau tirolinaz osatutako zirkuitu erraldoia, 120 metroko altueran. Adrenalina bilatzen duenentzat, berriz, 100 metroko altueran dagoen pendulu jauzia eskaintzen du parkeak. Gainera, ferrata bidea egiteko eta arroileko akuapark naturalaz gozatzeko aukera ere izanen da.
Bi parke horiez gain, Nafarroa Abenturak piraguismoa, raftinga, paintball eta bertze hainbat jarduera eskaintzen ditu. Urtero 53.000 partaide baino gehiago pasatzen dira parkeetatik.
Parkea haunditzeko proiektua
Duela lau urte BKZk Beartzungo parkea haunditzeko eta modernizatzeko aurreproiektua aurkeztu zion Baztango Udalari eta enpresak adierazi duenez, «aurten erabaki bat hartzea eta proiektuari behingoan irteera ematea espero dugu». Bilera informatibo bat eskatu diete azken hauteskundeetan ateratako Batzar Nagusiko kide berriei, «hiru urte hauetan eman diren urratsen berri emateko eta izan ditzakeen edozein zalantza argitzeko».