47 lagun bildu dira pentsiodunek deituta Elizondon egin duten elkarretaratzean

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 18a, 16:30

Hilabeteko hirugarren astelehenetan egiten dute hitzordua Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek, eta halaxe egin zuten atzo Elizondon.

57 lagun bildu ziren atzo Elizondoko plazan egindako elkarretaratzean, eta hainbat albisteren eta borrokaren errepasoa egiteko probestu zuten. Bertzeak bertze, EAEn pentsio minimoa guttieneko soldatarekin parekatzeko abian den ekimen legegilea hartu zuten hizpide. «Arras ongi» doala erran zuten, eta «dagoeneko 95.000 sinadura» bildu dituztela gaineratu zuten.

Horrez gain, hainbat manifestazioren berri eman zuten. Alde batetik, apirilaren 5ean Iruñean Soldata eta pentsio duinak eta denentzat, hemen eta orain lelopean egitekoa den manifestazioa hartu zuten hizpide. Bertzetik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatuta egin den poesia lehiaketa, maiatzaren 8an Galdakaon bazkaria eginez bukatuko dute. Harat joateko 30 txartel erreserbatu dizkietela kontatu zuten. Eta maiatzaren 15ean Gasteizen aipatu ekimen legegilearen sinadurak legebiltzarrean entregatuko dituzten egunean manifestazioa egitekoa dela ere adierazi zuten. Nafarroatik autobusa antolatu dute eta animatzeko deia egin zuten atzo pentsiodunek.

Baina atzoko elkarretaratzean, kritikak ere egin zituzten; «pentsiodunok gure ekimenak bultzatzen segitzen dugun bitartean, Europako gobernuak, defentsaren eta segurtasunaren aitzakian, gastu militarrean 800.000 euro xahutzea pentsatzen ari dira». Honela gehitu zuten: «Badakizue nondik aterako den diru hori: zerga gehiago, inflazio gehiago, prekarietate gehiago eta gastu sozial gutiago, pentsioak barne».

Duela berrogei urte NATOn sartu izana ere kritikatu zuten: «Gerrarako prestatutako aliantza bat da, munduko industria konplexu militarraren interesetarako balio duena. Aliantza hori une honetan aktibo diren 56 gerretako aunitzen gibelean dago, 92 herrialde beraien mugetatik haratago sartuta baitaude, eta denak interes ekonomikoek eta politikoek sustatuta».

Argentinako pentsiodunak ere gogoan izan zituzten, eta «borrokagatik txaloak» bidali nahi izan zizkieten, eta aldi berean, «elkartasuna adierazi»: «Munduan Milei gehiegi daude motozerra erabiltzen dutenak eskubide sozialak murrizteko eta premia handiena duten pertsonen errebindikazio justuak gogorki erreprimitzeko».

Baztango Osasun Plataformak apirilaren 2an egitekoa duen elkarretaratzearekin bat egiteko deia eginez akitu zuten atzoko hitzordua Baztan-Bidasoko pentsiodunek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun