Elizondoko zuhaitzak eta horien maneiua ezagutzeko ibilaldia egin dute asteburuan

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 17a, 13:00

Baztango Talde Ekosozialak antolatu zuen larunbat goizeko hitzordua eta Txomin Petrikorenak gidatu zuen, Iruñeko Udaleko lorezain elizondoarrak.

Fantxikeko plazatik abiatu zen ibilaldia eta «eremu berdeen garrantziaz aritu zen, hirietan bereziki, eremu berdeek itzala eskaintzeaz gain, arnasguneak direla eta gero eta balio handiagoa dutela. Herrietan naturaz gozatzea aiseago denez, eremu berdeen trataerak, aldika, ez du behar duen garrantzia».

Baztani dagokionez, «lurrak azidoak dira, hortaz, landatzen diren zuhaitzek horrelako lurretan laketzen direnak izan behar dute. Fantxikeko plazan, erran modu batez, likidanbar bat (liquidanbar styraciflua) eta pago bat (fagus sylvatica) daude. Alta, horien garapenari buruzko kezka agertu zuen, herriguneetan maiz gertatzen baita obra hondarrak eta zaborrak dituzten lurretan landatzen direla».

Eliza inguruan, «Elizetxea etxeari jarraikiz dagoen zeta zuhaitzen (albicia julibrissin) lerrokadura aipatu zuen, eta herrian barna landatu diren astigar barietateez mintzatu zen, horien hostoek izaten dituzten kolore bizi eta ederrez. Elizako parkean bertze geldialdia egin zuten, gerezi erramuaz (prunus laurozerasus) gozatzeko, zuhaitz ikusgarria, lore berezi eta xarmantekin. Orain guti haurren jostetaleku barnean zen zedroa aipatu zuen, berriki moztu dutena, zuhaitzaren zainak moztu ondotik bere egonkortasuna kinkan gelditu zelako, arriskutsu bihurtuz. Hortaz, zuhaitzen zainak kontuan hartu behar dira. Ondoan kozkortutako astigarra ageri da, gaineko aldea moztu berri diotena».

Bertzalde, «aparkalekuaren ondoan pago lizarra (carpinus betulus) dago, garapen ezin ederragokoa. Bere ondoan japoniar sofora (sophora japonica) bat landatu zuten, guztiz ilupaturik dagoena, ondoan duen pago lizar handiaren gerizpearengatik».

Santiago karrikan, «Eroski paretsuan, orain hiru urte landatu ziren udareondoak (pyrus) ikusi zituzten, tokiaren baldintzekin bat egiten duten espezieak. Toki horretatik, aurten inausitako alligustre-ak ikusi zituzten, hostorik galtzen ez duen espezie bat adaburu borobildu eta ederra duena inausketa egokiekin, eta aurten harrigarriki denak inausi dituzte. Karrikan jarraikiz, ginko biloba batzuk ikusi zituzten».

Galartzako zubi alderat, «landare bizikorrak eta lasto berralak dituztenak landare bandak ikusi zituzten, urtaroen arabera kolore eta testura ederrak sortzen dutenak. Orain, erran modu batez, lilipak eta hiazintoak indar betean daude. Zahar etxeko platanondoak behatu zituzten, zursarezko itzala egiteko, platanondoak aski azpitik kapetatu zituzten, eta ondotik, enbor baten eta bertzeren adarrak gurutzatzeko gelditu gabe inausi. Eginahal horretan, katu-buru izeneko konkorrak sortu dira, luze gabe pisuarengatik adarrak hautsiko dituztenak. Eta kapetatzeko eta murrizte gogorrengatik, gainera, enborrak dagoeneko usteltzen hasi dira».

Azkeneko geldialdia plazan egin zuten. «Bertan diren urki, likidanbar, gereziondo eta sagarrondoaz mintzatu ondotik, hurritzari egiten ari zaizkion inausketa zentzugabeak aipatu ziren, zuhaixka horren izaeraren guztiz kontrakoak direnak».

Gaur egun, «herri barneko zuhaitzak ez dira zahartuta hiltzen, hainbat arrazoi tarteko, mozturik baizik. Zuhaitzak zahartzera uzteko maneiuak behar dira, bizialdi horretan, herritarrek zuhaitzen onura guztiez ahalik eta gehien gozatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun