Benito Menniko langileek elkarretaratzea eginen dute ortziralean Elizondoko plazan

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 13a, 09:00

Benito Menniko langileak greban daude aste honetan, Elizondoko ospitale zentroko eraikinetako baten itxiera salatzeko. Joan den urtean enpresaren erabakiaren berri izan zutenetik, laugarren greba astea dute hau. Hainbat mobilizazio egin dituzte geroztik, eta hurrengoa bihar izanen da, martxoaren 14an, Elizondoko plazan 19:00etan.

ELA sindikatuak adierazi duenez, «etekinak are gehiago handitzeko ahaleginean, enpresak Bertizko eraikinean zeuden 36 erabiltzaileak birkokatu ditu, eta horrek kalte nabarmena eragin du emandako arretaren eta zerbitzuaren kalitatean, eta kalte nabarmenak eragin dizkio plantillari. Izan ere, langile batzuk kaleratuak izan dira, eta bertze batzuk, berriz, beraien lan baldintzak murriztuak edo funtzioak aldatuak izan dituzte».

Horrez gain, «erabiltzaileen lekualdatzeekin profil desberdineko pazienteak (moderatuak eta mendekotasun handia dutenak) nahastu direla» salatu dute, «eta horrek arrisku egoerak sortu ditu paziente zaurgarrienentzat». Gainera, «enpresaren asmo horrek plantillako 42 pertsonari eragiten die, hauetariko 33k zuzeneko kaleratzeak, ezkutuko kaleratzeak, funtzio-aldaketak edo/eta lanaldi aldaketak pairatu dituztelarik».

Nafarroako Gobernuari eskatu diote, «zerbitzuaren kalitatea bermatzeko dagokion erantzukizuna bere gain hartuta, esku har dezala paziente guztien arreta egokia bermatuko duten beharrezko instalazioak berrezartzeko eta horretarako behar den plantilla berrezartzeko, lan baldintza duinekin». Azkekin, «azpikontratatzen dituen lanpostuetan sortzen duen prekarietatea ezabatzeko behar den aurrekontua eman dezala» exijitu diote gobernuari.

Bitartean, «Benito Menniko plantillak mobilizatzen segituko du helburuak lortu arte, zaintza ez delakoz negozioa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun