Herri barneko arbolen inportantziaz aritzeko ibilaldia eginen dute larunbatean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 12a, 17:00

Baztango Talde Ekosozialak antolatu du hitzordua eta Txomin Petrikorena lorezainak gidatuko du. Ondotik aurtengo Ekotopaketen aurkezpena eginen dute Amezti elkartean

«Herri berde eta bizigarriak» helburu, Talde Ekosozialak herri barneko zuhaitzei buruzko ibilaldia antolatu du larunbatean, martxoaren 15ean. Txomin Petrikorena Iruñeko Udaleko lorezain elizondoarrak gidatuko du eta herri barneko zuhaitz espezie eta barietateez mintzatuko da, eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoez, eta hori hobetzeko eta segurtatzeko egin daitekeenaz. 11:30ean Fantxikeko plazatik abiatuko da ibilbidea eta ordubete edo ordu eta erdikoa izanen da.

Ondotik aperitifa eginen dute Amezti elkartean, eta martxoaren 26an eta 27an Arrasaten eginen diren Ekotopaketak aurkeztuko dituzte.

Ibaiak ere solasgai

Zuhaitzen inguruko hitzordua ez da taldeak antolatutako ibilaldi bakarra, apirilaren 12an herri barneko errekaz eta ugalde bazterreko landaretzaz arituko baita Lorea Flores lesakarra, biologian lizentziaduna eta ibai ekologian doktorea. Izan ere, «urte batzuk dira halako inguruneak naturalizatu behar direla dioten lege eta araubideak onartu direla, eta horren ezarpena nolakoa izan beharko litzatekeen ikusiko dugu». Elizondon barna izanen da ibilaldia, 11:30ean Fantxikeko plazatik abiatuta, eta ordubete edo ordu eta erdiko luzera izanen du.

Ekimen horiekin, «eremu publikoaz gogoeta bultzatu» nahi du taldeak, eta «klima larrialdi eta krisi ekosozial garaian, hobekiago bizitzeko trantsizio ekosozialerako jardunbideak sustatu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun