'Zoo' liburuari buruz mintzatuko dira Goiatz Labandibarrekin ortziralean Iruritan

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 12a, 12:00

Aurten argitaratu du Labandibarrek 'Zoo' ipuin bilduma. Argazkia: Iñaki Zapirain/ Wikimedia.

Baztango Gazte Asanbladak eta Idazleekin Solasean ekimenak Irakurleen Asanbladaren hurrengo hitzordua eginen dute aste honetan, martxoaren 14an 18:00etan Iruritako elkartean. Goiatz Labandibar Arbelaitz idazle oiartzuarrarekin bilduko dira eta 'Zoo' liburua izanen dute solasgai.

Sinopsia

Paraje urruneneko kanpin galduenera bakardade bila doan familia, igerilekuko monitore gisa sos batzuk atera nahi dituen ikaslea, parranda asmotan dabilen gazte taldea, tribu osoa inguruan biltzen duten matriarkak, autokarabanak elkarri erakutsiz lehiatzen diren bikoteak, lehenbiziko muxua, lehenbiziko ligea, lehenbiziko adar jartzea probatuko duena…

Askotarikoa da kanpinetan mugitzen den fauna, eta horren lagin eder bat dakarkigu Goiatz Labandibarrek ipuin bilduma honetan: istorio jostalari eta argiak, begirada zorrotz baina amultsua zuzentzen diotenak giza jendeari, gure ahulguneak umorez hartu eta opor giroari dagokion arintasunaz ospatzen dituztenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun