Martxoak 8

Landa eremuko emakumeen paperaz mintzatu dira NUPen Baztango abeltzainekin

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 10a, 16:00

Emakume Abeltzainen Topaketa antolatu eta moderatu zuen martxoaren 8an Iranzu Zalba elizondoarrak, Nekazaritzako Elikagaietan doktoregaia. Nerea Mortalena eta Ainhoa Goñi abeltzain baztandarrek parte hartu zuten topaketan, baita Iratxe Etxeberria artzainak eta Ana Larruy Baztango kultur teknikariak ere.

'Landa­ eremuko emakumeen mende bat: Iraganari begirada, orainari ahotsa' izeneko proiektuaren barnean antolatu zuen topaketa Iranzu Zalba Larruy elizondoarrak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritzako Elikagaietan doktoregaia. Unibertsitateko Kulturako eta Kiroletako Unitateak sustatu du proiektua, eta landa eremuko emakumeak ikusaraztea du helburu.

Emakumearen Nazioarteko Egunean egindako ekitaldian, Nerea Mortalena Maskotena arraioztarrak (Indakoa baserria) eta Ainhoa Goñi Ormart elizondoarrak (Agorleku gasnategia) haien esperientziak kontatu zituzten; abeltzaintzaz mintzatu ziren, aurrez aurre dituzten erronkez eta baita eguneroko lanaren alderdi positiboez ere.

Solasaldiaren ondotik mahai ingurua egin zuten, Baztango kultur teknikaria den Ana Larruy Alañarekin eta NUPeko ikertzaile eta irakasle zein artzain den Iratxe Etxeberria Garinen partaidetzarekin. Hainbat gai jorratu zituzten, hala nola, emakumearen ikusgarritasuna sektorean, lana eta familia bateragarri egitea, eta abeltzaintzan txertatzeko baldintzak.

Bertaratutakoek, landutako gaiez solastatzeaz gain, Agorlekuko esnekiak dastatzeko aukera izan zuten. Akitzeko, Nafarroako produktu sorta baten zozketa egin zuten, Paula Dominguez Lacueva doktoregaiak irabazi zuena.

Horrez gain, proiektuaren barnean eta Baztango Udalarekin lankidetzan, Landa ­eremuko emakumearen antzinako irudiak Baztanen argazki erakusketa ikusgai dago NUPeko Ikasgelategiko 3. solairuko atarian, martxoaren 21era arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun