Martxoak 8

Faxismoaren kontrako aldarriak Baztanen martxoaren 8an

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 10a, 15:30

Jendetza bildu zen larunbat eguerdian Elizondoko plazan, Baztango Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzean. Benito Menniko langileek ere bat egin zuten hitzorduarekin, «zaintza ez dela negozioa» aldarrikatuz. Mugimenduko kideak solastatu ondotik, bi musika emanaldi izan ziren; lehenik Bidenabar taldea izan zen oholtzaren gainean eta ondotik Ane Barrenetxe, Olaia Meoki eta Joana Viguriak kantatu zuten.

Irakurketan adierazi zutenez, «garaipen feministaren garaian bizi garela sinestarazi nahi digute, tortillari buelta eman diogula, eta orain patriarkatua matriarkatuarekin ordezkatu dugula». Baina errealitatea bertzelakoa dela erakusteko sei adierazgarri eman zituzten:

  • 2003tik 126 emakume hil dituzte gizonek Euskal Herrian.
  • Zaintza lanen % 67,2 emakumeen gain daude gaur egun.
  • Zaintzaileen % 56 emakume migratzaileak dira.
  • Umeen zaintzarako 10 baimenetatik 8 emakumeek hartzen dituzte.
  • Dominique Pelicot.
  • Sexu erasoren bat pairatu duen emakume gazteen % 70,3ak ez du salatzen, hamarretik zazpik.

Hortaz, «garaipenaren langa nork ezarri du? Borroka feminista ez da txapa more bat, ez da Bershkan Woman power idatzirik daraman kamiseta merkeegi bat, ez da Taylor Swiften kanta bat, ez da parlamentari eskuindar bat, ezta transfobiaz betetako Instagram kontu bat ere».

Borroka feminista «asanbladak dira, ahalduntze kolektiboa, ausardia, antifaxismoa, ahizpatasuna, antikapitalismoa, lurraren defentsa, antiarrazakeria, gizonen arteko aliantzak toxikoak haustea, elkar zaintza, helduleku bat, sakoneko eztabaidak, norbera kuestionatzea, lanaren banaketa sexualarekin baina baita binarismoarekin ere akitzea...».

Ohartarazi zutenez, «begirada lausotzen ari digute, feminismoa gaitzetsi nahi duten horien diskurtsoak bor-bor dabiltza. Sistemari ez zaio komeni bere zimendu ukiezin horiek lehertuko dituen mugimendua. Eta hor datoz kontran Trump, Musk, Abascal, Le Pen, Netanyahu... Faxismo berri bat zabaltzen ari da gure parean, guk uste baino hurbilago. Espainolismoz, sionismoz, migratzaileen kontrako diskurtsoz eta antifeminismoz jantzia».

Horren kontra, «posizionatzea eta ekitea ez dagokigu emakumeoi* bakarrik. Erresistentzian dirautenekin elkartasuna biderka dezagun, saretu gaitezen eta aliantza feministak indartu ditzagun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun