Biztanle kopuruaren beheititzea ere hartu du hizpide Barberenak. Azken 20 urteotan, adibidez, 40 lagun gutiago dira: 2004an 214 biztanle ziren eta bi hamarkadaren buruan, ia 19 puntu gutiago: 174. Horietatik 134k Ziga eta 40k Zigaurre dute bizileku. Hala ere, bada mugimendua eta horren seinale, «ekintzak antolatzeko gogoarekin» badela jendea nabarmendu du. Adibideak ere paratu ditu mahai gainean: «Igandetan hainbat adinetako emakumeak kafea hartzeko eta tertulia goxoak egiteko gelditzen dira, herriko muslarien partidak izaten dira, pala txapelketak egiten dira, haurrendako tailerrak izaten dira, elkarteko afariak eta egonaldiak…».
Auzolanaren indarra
Zigako herriak, Baztango bertze herriek bezala, Baztango Udaleko langileak aprobetxatzen ditu konpontze orokorrak egiteko. Baina herritarren parte hartzea eta borondatea ere gakoak dira. «Herrian alkateaz eta kargudunez gain, ur komisioak daude eta egin behar diren konponketez eta urteko kuota pasatzeaz arduratzen dira». Horrekin batera, «herriaren eta inguruaren kontserbazioan herritarrek duten paper garrantzitsua» goraipatu nahi izan du: «Hainbat auzolan antolatzen dira hainbat lan egiteko». Herriko ospakizunak, berriz, gazteen esku daude: «Gazteek hainbat komisio dituzte eta hala antolatzen dituzte». Eta baditu esker oneko hitzak ere: «Badira herritar batzuk, beraien borondatez, egunerokotasunean ikusten ahal dituzten edozein beharri erantzuten ibiltzen direnak. Eskertzekoa da herritarrek egiten dituzten lan horiek guziak».
Zigako alkatearen hitzetan, «herriak ez du baliabide aunitzik». Hortaz, «edozein eskaera egiteko orduan, Baztango Udalean egin behar dugu eta handik behar den laguntza eskaintzen digute ahal duten neurrian». Baliabideak izan edo ez, berak, ordea, garbi du bere erabakia eta ez da damutu: «Zigako alaba naiz sortzetik eta orain dela urte batzuk Zigan familia osatzea erabaki genuen. Baliabide falta izanen litzateke desabantailarik handiena, baina herriak eskaintzen duen lasaitasunak eta deskonexioak hori guztia konpentsatzen du. Herrian bizi nahi dugu eta hori ez nuke aldatuko».
Euskararen erabilerari dagokionez berriz, «herriaren hizkuntza beti euskara» dela adierazi du, «eta orokorrean, karriketan eta elkarrizketetan aditu eta erabiltzen dena euskara» dela: «Horrela segi dezala!».