Beñat Verde

«Elizondok ez du deus ikustekorik Baztango gainerako hamalau herriekin, ez onerako, ez txarrerako»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 9a, 09:00

Beñat Verde ezkerrean, azken urteotan Elizondoko alkate izan den Aitor Bazterrika eskuinean duela.

Beñat VERDE MUGIRO, Elizondoko alkatea

Aitor Bazterrika Zelaietaren lekukoa hartuta, Beñat Verde Mugirok aurten hartu du Elizondoko alkate kargua.

3.500 biztanle baino gehiago ditu eta Baztango hamabortz herrien artean, handiena da Elizondo, alde handiarekin gainera, Baztango biztanleen % 45 inguruk Elizondo baitu bizileku. Hala ere, «arras lasaia» dela dio Verdek, eta «arras bizi kalitate altua du, ez baita ia deus falta». Gehiago ere bai: «Elizondok bertan kontsumituz bizitzeko aukera ematen du, baina baliabideak geroz eta murritzagoak dira; hainbat jatetxe eta denda ixten ari dira azken urteotan».

Antolaketa berezia du Baztanek, hamabortz herrik udalerri bakarra osatzen baitute. Eta haien kudeaketaz, bereziki, Baztango Udala eta Batzar Nagusia arduratzen dira, bakoitza bere eskumenekin. Baditu herri bakoitzak, hala ere, bere ardurak, eta Elizondoko herriari, bertzeak beste, «bestak, feriak eta ospakizun gehienak antolatzea, hilerria kudeatzea, herritarren eta udalaren arteko bitartekari lana egitea, herri barneko obra ttikiak egitea, etxe saria biltzea, arbolak bota eta landaketak egitea….» tokatzen zaio.

«Oztoporik handiena aurrekontu murritza da»

Horien artean, «lanik handiena bestak eta feriak antolatzeak» ematen omen die, eta guztia aitzinera ateratzeko «oztoporik handiena, aurrekontu murritza». Halaxe aitortu du. «Dena arras ongi neurtzen ibili behar dugu urteko gastu guziei aurre egin ahal izateko». Esku artean darabilten diru kopuruaz galdetuta, datua ere eman du: «2024an 180.000 euro inguruko sarrerak eta irteerak izan zituen Elizondoko herriak».

Baztango Udalak dituen langileez aparte, Elizondoko herriak ez du espresuki beretako ari den langilerik. «Herrian lanean aritzen garenak boluntarioak gara», gaineratu du: «Denera zortzi kargudun eta besta komisioko hamaika kide gara eta alkateak, kargudunek eta besta komisiokoek lan handia egiten dugu». Bertzetik, herriaren instalazio bakarra herriko etxea da.

Herri ttikiak eta handiak

Gainerakoan, eskualdeko herri ttikien eta handien artean «alde handia» sumatzen du Verdek: «Elizondok ez du deus ikustekorik Baztango gainerako hamalau herriekin, ez onerako, ez txarrerako. Herri ttikietan duten giroa eta elkartasuna ez duzu Elizondon harrapatuko, edozein ekintza antolatu eta auzolana egiteko, adibidez». Bere hitzetan, «hemen ere jendeak anitz laguntzen du, baina proportzioan ez bertze herrietan adina. 2014ko Elizondoko, Elbeteko eta Erratzuko uholdeek argi utzi zuten herri hauek indar handia dutela eta jendea arras eskuzabala eta enpatikoa dela».

Herri ttikietako lasaitasuna ere nabarmendu du: «Hori ez da diruarekin ez bertze deusekin ordaintzen. Kotxerik gabe bizitzen ahal zara eta haurrak karrikan jostetan aritzen ahal dira, gurasoak bertze edozertan ari diren bitartean, inongo kezkarik gabe. Hemen denok ezagutzen dugu elkar, harreman ona dugu eta plazer handia da karrikara atera, ezagun bat agurtu eta bertze batekin lau hitz egitea». Alde txarren bat aipatzekotan, berriz, «aisialdirako zerbitzu falta» erran du: «zinema edo haurrak mahai jokoetan aritzeko areto bat, adibidez».

«Haurrek eta nerabeek eskolan euskaraz egiten dute, baina gero karrikan erabilera baxua da, batik bat 20 urtetik beheitiko haurretan»

Euskararen egoera ere hartu du hizpide Elizondoko alkateak, eta «azken 40 urteotan hobera» egin badu ere, argi dio: «ez da sobera ona. Ezagutza altua da, haurrek eta nerabeek eskolan euskaraz egiten dute, baina gero karrikan erabilera baxua da, batik bat 20 urtetik beheitiko haurretan. Herri ttikietan anitzez euskara gehiago aditzen da».

Aukera probestuz, «neure burua alkate izateko aurkeztu nuenetik, herritarrek erakutsitako babesa eta indarra» eskertu nahi izan ditu: «Kargudunek eta nik lanean gogotsu segituko dugu, herria hobetzen, ekitaldi txukunak antolatzen eta herritarren behar guziak asebetetzen saiatuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun