Karlos GARAIKOETXEA

«Herri ttikietako lasaitasunak eta elkartasunak zerbitzu falta konpentsatzen du»

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 8a, 11:00

Karlos GARAIKOETXEA ELSO, Berroetako alkatea

Anizen ondotik, Baztango hamabortz herrien artean ttikiena da Berroeta. Azken datuen arabera, 121 biztanle ditu gaur egun.

Azken hamar urteotan beheititzea sumatu dute herritar kopuruan Berroetan, 2014an 135 baitziren. Baina datu makurragoak ere izan dituzte. Konparazio batera, mende hasieran, 2001ean, 109 biztanle ziren. Karlos Garaikoetxea Elsok 2016an hartu zuen Berroetako alkate kargua eta TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «gehienak herrian bertan bizi gara, biztanleria ez da sobera sakabanatua».

Diru kopuruei buruz mintzatzen hasita, «arras diru kopuru ttikia» kudeatzen dutela zehaztu du eta datua ere paratu du mahai gainean: «Zehazki, 7.217 euro». Diru hori erabiltzen dute bateko eta bertzeko gastuendako: «Bestak eta ekitaldi ttikiak antolatzeko, komun publikoen eta elizaren garbiketa egiteko, auzolanetarako materialak eta dagozkien pintterdiak edo pinta erdiak erosteko…». Bertzalde, uraren kudeaketa ere herrian bertan egiten dute.

Etxebizitza arazo

Berroeta ere ez da etxebizitzaren arazotik libre. Halaxe baieztatu du alkateak: «Herri ttiki eta handi guziak bezala, etxebizitza dugu arazo handiena. Badira etxeak, eta gero eta gehiago izanen dira, baina sobera etxe handiak dira eta erostea eta konpontzea ezinezkoa da gazte gehienendako. Horixe da arazoa».

«Badira etxeak, eta gero eta gehiago izanen dira, baina sobera etxe handiak dira eta erostea eta konpontzea ezinezkoa da gazte gehienendako»

Horri erantzuteko, «Vianako Printzea Erakundearen eskakizunak murriztea» proposatu du Garaikoetxeak, baita «etxe zahar horiek konpondu ahal izateko dirulaguntzak» emateko eskatu ere. Gehiago ere bai: «Akaso, lehentasunez zaharberritu beharreko eremuan sartuz gero…», gaineratu du. Lehentasunez zaharberritu beharreko eremuak Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak hala mugatutakoak dira eta eremu mugatu horietan zaharberritze babestuetarako onurak eta dirulaguntzak ematen dituzte. Gaur-gaurkoz, ez da eskualdeko herri bakar bat ere zerrenda horretan ageri.

Berroetako herriak ere ez du langilerik, eta zerbaitez behartuz gero, Baztango Udalera joaten dira laguntza eske: «Zerbait behar bada, normalean herritarrak niregana etortzen dira, eta ondotik, segun zer den, guk konpondu edo udalari eskatzen diogu». Honela gehitu du: «Eskatzea debalde da eta beti harrapatuko dituzu konpondu edo hobetu beharreko gauzak, baina kontuan izan behar dugu Baztango Udala ez dela udal aberatsa».

Zerbitzu falta da bere ustez herri ttikien hutsune nagusia: «Herri ttikietan ez ditugu handietan bezala zerbitzu guziak eskura, eta horrek beti kotxearen menpe egotera behartzen gaitu». Baina horren gainetik, herri ttikietan dagoen «lasaitasuna eta elkartasuna» nabarmendu du: «Horrek konpentsatzen ditu gainerako gabeziak». Are gehiago: «Herri ttikietan lotura gehiago dago jendearen artean, eta edozein gauza egiteko, besta edo lana, elkartasun handia lortzen dugu».

Euskararen egoeraz galdetuta, berriz, «Berroetan euskara nagusi» dela aipatu du, «bai helduen eta bai gazteen artean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun