Elizondoko Besta Komisioa antolaketarako laguntza eskean

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 6a, 12:00

Zikiro eguneko «jokabide desegokiak» salatu dituzte.

Aurtengo bestak prestatzen hasiak direla, «taldea gazte, heldu eta guraso guziendako irekia dagoela» oroitarazi nahi izan du komisioak

«Taldekide berrien beharra» nabarmendu dute, «ideia berriak izateko eta urteetan aritu direnen erreleboa hartzeko». Adierazi dutenez, «bileretara etorri nahi baina, data edo ordutegiengatik ezin dutenek, Instagrameko kontuaren (@elizondoko_bestak) bidez edo edozein taldekideren bitartez jar daitezke harremanetan komisioarekin. Denen iritzi eta ideiei irekiak gaude eta laguntza guzia ongi etorria izanen da».

Horrez gain, gogoratu dute «hilabete parrasta bat aritzen garela lanean bestak aitzinerat ateratzeko, ikusten ez den lana eta aunitzetan eskertua ere ez». Izan ere, bestetan «zenbait jokaera desegoki eta errespetu falta» izaten direla salatu dute, «adibidez, zikiroaren ondotik mahaia biltzean eta frontoia garbi uzteko orduan». Hortaz, «elkarlanean eta errespetuz jokatzeko» eskatu diete elizondoarrei, «bestak denok disfrutatu ditzagun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun