Mendialdeko Etxebizitza Taldeak eta Baztanen Bizi Nahi Dugu plataformak jakinarazi dutenez, «Elizondoko familia bat etxegabetze arriskuan dago. Zaurgarritasun egoeran dagoen familia bat da, tartean adin ttikikoak dituena. Dagoeneko egina den epaiketaren ondotik ailegatu zaie martxoaren 20rako etxegabetze agindua». Horren aitzinean, «halako kasuak isilpean pasatzen ez uzteko deia egin nahi diogu Baztan eta inguruko herrietako jendarteari, baita eginen diren deialdietara batzera eta etxegabetzeen aitzinean antolatzera ere».
Adierazi dutenez, «etxegabetzeak gizarte kapitalistaren sintoma bortitzenetako bat dira. Jendarteko sektore prekarioenek etxerik gabe gelditzeko dituzten aukerak geroz eta haundiagoak dira, eta pobretze prozesua orokortua da. Etxebizitza eskubide bat izatetik urrun dagoen honetan, kale gorrira igorri nahi dituzten barrideen kasuak salatzea ezinbertzekoa da. Batez ere, errealitatearen aurpegi hori ezkutatu eta desitxuratu nahi duten hedabide, indar politiko eta enpresen interesak argitara ateratzeko».
Aldi berean, «etxegabetze arriskuan dauden familiek alternatiba bat lortzeko dituzten zailtasunak» salatu dituzte, «izan arrazakeriagatik edo etxebizitzaren merkatuko bertzelako arazoengatik: alokairu prezio izugarriak, eskaintza falta, erosteko ezintasuna…».
Azkenik, aintzat hartu dute «etxegabetzeen aurka diharduten eragile ororen lana», eta oroitarazi dute Baztanen Bizi Nahi Dugu eta META kolektiboak elkarlanean ari direla «eskualdeko etxegabetze kasuei kontra egiteko xedearekin». Egoera horretan dagoen edozein herritarren eskura jarri dituzte kontakturako baliabideak: mendetxebizitzataldea@gmail.com helbidea eta 664 009 163 telefono zenbakia.