Martxoak 8

Ekitaldi ugari izanen dira martxoaren 8aren bueltan Baztanen

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 4a, 12:00

Larunbat eguerdian elkarretaratzea eginen dute Elizondoko plazan eta arratsaldean Lesakarat eskualdeko mobilizaziorat kotxean joateko hitzordua eginen dute

Baztango Berdintasun Zerbitzuak eta Mugimendu Feministak jarduera ugari antolatu dituzte hurrengo egunetarako, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.

Larunbatean, martxoak 8, 'Euskal aztarnen bila' ginkana izanen da Elizondon, 7-12 urte bitarteko haurrei zuzendua. Euskal Herriko historian erreferente izan diren emakumeak izanen ditu ardatz jokoak, 10:00etatik 12:00etara Baztan pilotalekutik abiatuta. Parte hartzeko mezu bat bidali beharko da 613 003 634 zenbakirat Whatsapp edo Telegramez edo berdintasuna@baztan.eus helbiderat, haurraren izen-abizenak eta adina zehaztuz.

Egun berean Mugimendu Feministak elkarretaratzea eginen du Elizondoko plazan 12:00etan, Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak! lelopean. Ondotik bermut musikatua eta mikro irekia izanen da.

Arratsaldean, berriz, eskualdeko manifestazioa eginen da Lesakan. Harat kotxean joateko hitzordua egin dute 17:00etan Elizondoko plazan, eta Doneztebetik ere pasatuko dira bidean. Manifestazioa 18:00etan hasiko da Plaza Zaharretik, eta ondotik III. Mundu Gerra taldearen kontzertua izanen da.

Biharamunean, martxoak 9, Kaitin Allenderen Kaiting in the night ikuskizun umoretsua ikusteko aukera izanen da Iruritako Gizarte Bilgunean 18:00etan. Kazetaritzaz, amatasunaz, klimaterioaz, zaintza lanez eta zahartzaroaz mintzatuko da, bertzeak bertze, ikuskizunean.

Azkenik, Mugarik Gabe Nafarroa elkartearekin batera Defendatzaileak: Eraldatzen duten emakumeak erakusketa antolatu du Baztango Udalak. Martxoaren 26tik apirilaren 21era bitarte ikusgai egonen da Elizondoko Osasun Zentroan eta lurraren eta giza eskubideen emakume defendatzaileen historiak ezagutzeko aukera emanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun