La Pardida gailurra igan du Jose Manuel Iñarrea erratzuarrak Dravet gaixotasuna ikusarazteko

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 2a, 11:00

Urtetik urtera Dravet gaixotasunari ikusgarritasuna eman nahi dioten mendi erronkak egiten ditu Iñarreak, Apoyo Dravet elkartearen bandera munduko tontor altuenetara igoz

La Pardida kaskoa (2.582 m, Europako Mendiak, Espainia) igo zuen joan den larunbatean, otsailaren 22an, Jose Manuel Iñarrea Rekarte erratzuarrak. Adierazi duenez, «Europako Mendietako gailurrik politena da niretako, bista ederrak baititu». Horren lekuko dira bertan atera zituen argazkiak.

Bezperan elurra egin zuela azaldu du, «eta elur aunitz zegoen kaskoan. Ez zen inor gehiago han eta azkeneko aterpetik goiti lana izan nuen bidea zabaltzeko, ez baitzen arrastorik». Hala ere, «eguraldi ederra izan nuen eta ederki ibili nintzen». Igoera Sotres herritik egiten dela esplikatu du, «eta bixi-bixi ibiliz gero, zortzi bat ordutan egiten da igoera eta jaitsiera. Gailur aldea arriskutsua da, duela bi urte susto bat izan nuen beheiti jausterakoan, baina aldi honetan hobekiago ibili naiz eta arras gustura pasatu nuen eguna».

Etorkizuneko erronkak

Apoyo Dravet elkarteari ikusgarritasuna ematen segitzeko asmoa du Iñarreak, eta bi erronka gehiago eginen ditu aurten. Alde batetik, «laster Piriniotara joanen naiz, hiru egunez Aneto (3.404 m), Posets (3.371 m) eta Monte Perdido (3.355 m) egiteko». Bertzetik, «uztailaren bigarren astean Alpeetara joanen naiz berriz». Han zenbait gailur igotzeko helburua du: Grande Casse (3.855 m, La Vanoise), Grandes Jorasses (4.208 m, Chamonix) eta Mont Blanc (4.808 m).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun