«Bizitzan naturalki gertatzen den fasea, gure garapen pertsonalerako garrantzizkoa dena». Halaxe definitu dute klimaterioa eta menopausia Ainhoa Viela eta Nerea Alzuart emaginek. «Pubertatean edo amatasunean bezala, garai bakoitzean hainbat sentsazio sentitzen ahal ditugu; zalantzak, beldurrak, kezkak… Hortaz, interesgarria izanen litzateke fase hauetan gure egokitzeko gaitasuna sustatzea, bizi kalitatea galtzen dugula ez sentitzeko».
Zer dira menopausia eta klimaterioa?
Menopausia hilekoaren akabaila da, 50 urte ingururekin gertatu ohi dena; «obarioen funtzioaren bukaera da eta hormonen produkzioaren jaitsiera ematen da, batez ere estrogeno, progesterona eta testosteronarena». Klimaterioa, berriz, «menopausia inguruan igarotzen diren urteei» deritzo; «hormonen jaitsieren efektuak sumatzen hasten diren garaia». Hori, batzuetan, «aztoramen nabarmenik gabe» gerta daiteke. Bertzeetan, aldiz, «bizi kalitatean eragozpenak sor ditzake, aldaketa fisiko edota emozionalen ondorioz».
Horien artean, nabarmenenak hilekoaren aldaketak dira: «eskasak edo kantitate haundikoak izan daitezke, zikloak murriztu edo luzatu daitezke, eta maiz hilekorik gabeko denboraldiak izaten dira. Menopausian sartu garela errateko, 12 hilabete pasatu behar ditugu hilekorik gabe».
Ohiko sintomak
Epe motzera zein luzera, hainbat sintoma eragin ditzakete klimaterioak eta menopausiak. Azaldu dutenez, «maiz gertatzen dira beroaldiak, izerdi botatzeak, palpitazioak, suminkortasuna, labilitate emozionala, tristura, aldaketak gorputzaren itxuran, umorean, sexualitatean eta loan… Gerora, larruko elastikotasuna galdu eta idortzen da, bulba eta baginako mukosa findu eta atrofiatzen dira, eta zoru pelbikoko muskuloak ahultzen dira. Azken horrek inkontinentzia, prolapso eta infekzioen arriskuak gehitzen ditu». Epe luzera, berriz, «osteoporosia eta alterazio kardiobaskularrak ager daitezke».
Aldaketa horiek diferenteak dira gorputz bakoitzean, «eta biologiak, pertsonalitateak eta inguru familiar, sozial eta kulturalak zerikusi haundia dute horiek bizitzeko moduan». Izan ere, «menopausia ez da eritasun bat, prozesu fisiologiko bat baizik, eta aunitzek ez dute tratamendurik behar. Hala ere, bizi kalitatea murrizten duten zenbait kasutan, tratamenduak izaten dira sintomei aurre egiteko: ordezko hormona terapia, fitoestrogenoak, tibolona, osteoporosirako tratamenduak, biganarako lubrikante eta kremak, sendabelarrak…».
«Inflexio puntu bat»
Bizi itxaropena geroz eta altuagoa denez, «urte gehiagoz bizi gara menopausiarekin, eta bizimodu osasuntsua eramatea komeni da, bizi kalitatea ahalik eta hoberena izan dadin. Elikadura zaintzeak, ariketa fisikoa egiteak, toxikoak saihesteak eta estresa murrizteak menopausiaren aldaketak hobe eramaten laguntzen dute». Gainera, «laguntasun erlazioak, ilusioak eta proiektu berriak lantzea eta gustuko ditugun ekintzetan parte hartzea menopausia gainditzeko manera egokiak dira».
Hortaz, «menopausiaren bizipena norberaren menpe dago, eta bakoitzak erabakitzen du nola bizi nahi duen. Geure buruan pentsatzeko aukera eskaintzen digu, bizitako esperientziak eta hartutako ezagutzak probesteko eta erronka berriak aitzinera eramateko. Indarrak hartu eta pozik bizitzen segitzeko edo hasteko inflexio puntua da. Poztasuna gauza ederra da, baina ez da dohainik; lortzeko eta mantentzeko ahaleginak egin behar ditugu».
Tailerra Elizondon
Gaia lantzeko eta sortzen diren kezka, beldur eta zalantzak argitzeko asmoarekin, Elizondoko CASSYR (Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretarako Zentroak) menopausiari buruzko tailerrak eginen ditu martxotik aitzinerat. Bi ordu edo bi ordu eta erdiko saioak izanen dira, Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi, Malerreka eta Bortzirietako pertsonei zuzenduak.
Lehenbiziko tailerra martxoaren 24an eta 31n izanen da, osasun zentroan 16:00etan. Interesdunek 948 581 835 zenbakian eman dezakete izena.