Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak Almandozko karrika nagusia eta bertako azpiegiturak zaharberritzeko aurrekontua onartu dute, 1.042.075 eurokoa izanen dena. Izan ere, ibilgailu astunen trafikoak kalteak sortu ditu errepidean denborarekin, eta «karrikaren hondatze eta hutsuneei erantzuteko beharra» nabarmendu dute.
Lanek lau hilabeteko epea izanen dute eta errepidea zolaberritzeaz gain, euriaren eta ur beltzen hornikuntza sareak berrituko dituzte, baita bidetik igarotzen diren telefono eta argiztapeneko kanalizazioak ere. Zehazki, 510 metroko tartea berrituko dute, eta telefonoko kanalizazioa lur azpian sartuko dute.
Lanen finantzazioan Nafarroako Gobernuak 755.304 euro jarriko ditu eta Baztango Udalak gainerako 286.771 euroak. Tokiko Inbertsioen Plangintzan sartu da jarduera, hortaz, Gobernuaren inbertsioari dagokionez, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak 471.477 euro jarriko ditu eta Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak bertze 283.827 euro.