Lehenbiziko ibilaldia Txomin Petrikorena Iruñeko Udaleko lorezain elizondoarrak gidatuko du eta herri barneko zuhaitz espezie eta barietateez mintzatuko da, eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoez, eta hori hobetzeko eta segurtatzeko egin daitekeenaz. Martxoaren 15ean, larunbata, 11:30ean Fantxikeko plazatik abiatuko da ibilbidea eta ordubete edo ordu eta erdikoa izanen da. Ondotik aperitifa eginen dute Amezti elkartean, eta martxoaren 26an eta 27an Arrasaten eginen diren Ekotopaketak aurkeztuko dituzte.
Bigarren hitzordua Lorea Flores lesakarrak gidatuko du, biologian lizentziaduna eta ibai ekologian doktorea. Herri barneko errekaz eta ugalde bazterreko landaretzaz solastatuko da, eta horri buruz egin beharreko kudeaketaz. Izan ere, «urte batzuk diru halako inguruneak naturalizatu behar direla dioten lege eta araubideak onartu direla, eta horren ezarpena nolakoa izan beharko litzatekeen ikusiko dugu». Elizondon barna izanen da ibilaldia, apirilaren 12an 11:30ean Fantxikeko plazatik abiatuta, eta ordubete edo ordu eta erdiko luzera izanen du.
Ekimen horiekin, «eremu publikoaz gogoeta bultzatu» nahi du taldeak, eta «klima larrialdi eta krisi ekosozial garaian, hobekiago bizitzeko trantsizio ekosozialerako jardunbideak sustatu».