«Herrian bertan energia berriztagarriak sortzeko, kolektiboki autokontsumitzeko eta energiaren ekoizpenaz eta kudeaketaz arduratuko den herritarren erakunde bat sortzeko» helburuarekin abiatu dute energia komunitatearen proiektua Lekarozen.
Horretarako, udalak eta herriak sustatu duten prozesu parte hartzaile bat martxan jarriko dute. Interesa duten herritarrek parte hartzen ahalko dute prozesuan, eta komunitateak abiaraziko duen talde eragilean sartuko dira, Artelan aholkularitza taldearen laguntzarekin sortua.
Azaldu dutenez, talde eragilea «herritar talde bat da, Energia Berriztagarrien Herritarren Komunitatea martxan jartzeaz arduratuko dena». Horretarako, «pertsona horiek prestakuntza jasoko dute prozesuan». Lan saioen bitartez, «komunitatea sortzeko beharrezkoak diren hiru elementuen inguruan talde lan dinamikoa eginen da: energia berriztagarriak; gizarte, talde eta herri kudeaketa eta kohesioa; eta araudia».