Joseba Oskarizek eta Unai Barberenak irabazi dute Antxitonea trinketearen paleta goma txapelketako 75. urteurreneko final nagusia

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 24a, 15:30

Antxitonea trinketearen paleta goma txapelketaren 75. urteurrenako finaletan izan ziren pilotariak, antolatzaileak eta beteranoak. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Elizondoko Antxitonea trinketeko paleta goma txapelketaren 75. Urteurreneko finalak jokatu dituzte otsailaren 22an. Lehenik, aurten lehen aldiz paleta argentinarrarekin aritu diren emakumeen finala jokatuko dute eta Iparraldeko Marie Martinek eta Aizkoa Iturrinok 40-28 irabazi diete Luzaideko Izaskun Arrosagarairi eta Ezkurrako Paula Gorostiagari. Ondotik, bigarren mailako finala jokatuko dute eta Mattin Asiainek eta Gabon Gamiok 40-35 irabazi diete Aingeru Olaberi eta Asier Maiari. Lehen mailako final nagusia, azkenik, Joseba Oskarizek eta Unai Barberenak 40-25 irabazi diete David Albiasuri eta Asier Argarateri. Bigarren mailako kategorian hamar bikote aritu dira azaroaren 8an abiatu zen txapelketa honetan eta lehen mailan hamaika bikote.

Lehen mailako txapeldun izan diren Oskariz eta Barberena, txapeldunorde izandako Albiasurekin eta Argaraterekin batera. Argazkia: Ondikol

Beteranoak ikusle

75 urte bete ditu Antxitoneko paleta goma txapelketak. Zehazki, 1950eko martxoaren 22an jokatu zuten lehen finala eta Maximino Galarregik eta Vidal Baylonek irabazi zieten orduan Joaquin Garmendiari eta Juanito Arizmendiri. Larunbateko finaletan ikusleen artean izan ziren hainbat beterano. Tartean, Alejandro Galarregi, zazpi aldiz txapeldun eta bertze hainbertzetan txapeldunorde izandakoa (eta lehen txapela irabazi zuen Maximinoren iloba). Berekin batera, Tomas Ugalde (trinketeko nagusi izandakoa), eta hainbatetan Antxitonean aritutako Javier Iturralde, Alejo Meoki, Lino Goñi, Juan Maia, Lander Oskoz, Patxiko Barberena, Manuel Goñi eta Katy Baylon izan ziren, bertzeak bertze.

Finalak ikustera hurbildu ziren pilotari beteranoak. Goitian, ezkerretik hasita hirugarrena, txapel gehien dituen Alejandro Galarregi (zazpi aldiz txapeldun eta bertze hainbertzetan txapeldunorde. Argazkia: Ondikol

Finalak jokatu ondotik sariak banatu dituzte eta, ohi denez, bazkaria izan dute gaur egungo eta garai bateko pilotariek, 60 lagun guztira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun