Diego Uriarte txirrindulari erratzuarrak profesionaletako lehen garaipena lortu du Andaluziako Itzulian

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 24a, 15:00

Diego Uriarte Beltzunegik, Kern Pharma taldeko txirrindulari erratzuarrak, profesionaletako lehen garaipena lortu zuen larunbatean Andaluziako Itzulian. Argazkia: Kern Pharma

Kordoba eta Alhaurin de la Torre (Malaga) arteko Laugarren etapan irabazi zuen larunbatean, helmugarako bi kilometro eskasen faltan iheslarien taldetik ihes eginda

Diego Uriarte Beltzunegi Kern Pharma taldeko txirrindulari erratzuarrak Andaluziako Itzuliko 4. etapa, Kordoba eta Alhaurin de la Torre (Malaga) artean lehiatu zena irabazi zuen larunbatean. Bertze hainbat txirrindularirekin batera ia jardunaldi osoa ihes eginda eman eta gero, erasoa jo zuen Uriartek etapa akitzeko bi kilometro baino gutxiago falta zirenean, eta bakarrik ailegatu zen helmugara. Profesional gisa lortu duen lehen garaipena du Diego Uriartek.

Larunbateko etaparen hasieran, 14 txirrindulari ihesean joan ziren: Callum Scotson, Jorge Arcas, Welay Hagos, Connor Swift, Emil Liepins, Alan Jousseaume, Zen Kyffin, Joel Nicolau, Tobias Johannessen, Toon Clynhens, Sebastian Berwick, Danny van der Tuuk, Mario Aparicio eta Diego Uriarte erratzuarra.

Inor ez zen arriskutsua sailkapen nagusiari begira, eta, honenbertzez, UAEk ez zuen aparteko ahaleginik egin ihesaldia behera botatzeko.

Helmugarako 15 kilometroren faltan, iheslariek bost minutuko aldea zutenean, 14ko taldea seikote bilakatu zen: Connor Swift (Ineos), Danny Van der Tuuk (Euskaltel), Alan Jousseaume (TotalEnergies), Callum Scotson (Decathlon AG2R), Sebastian Berwick (Caja Rural- Seguros RGA) eta Diego Uriarte (Ken Pharma).

Talde horretan azkarrenak Swift eta Scotson zirela kontuan hartuta, Uriartek erasoa jo zuen helmugatik kilometro bat eta 800 metrora zeudenean, eta ezustean harrapatu zituen iheskideak.

Gibekera begiratu gabe, aitzinera egin zuen kemen handiz. Gibelean ez ziren ados paratu, eta horrek konfiantza eman zion Uriarteri balentria egiteko. Helmuga bakarka zeharkatu zuen, eta bere palmaresa estreinatzeko garaipena lortu zuen.

Alan Jousseaume eta Connor Swif izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, bederatzi segundora. Tropela 4 minutu eta 32 segundora helmugaratu zen. 

 

Andaluziako Itzuliko 4. etapako sailkapena

  1. URIARTE Diego (Kern Pharma) 4:07:21
  2. JOUSSEAUME Alan (TotalEnergies) +0:09
  3. SWIFT Connor (INEOS) d. b.
  4. SCOTSON Callum (AG2R) d. b.
  5. BERWICK Sebastian (Caja Rural) d. b.
  6. VAN DER TUUK Danny (Euskaltel-Euskadi) +0:16
  7. BERHE Welay Hagos (Jayco) d. b.
  8. JOHANNESSEN Anders Halland (Uno-X) d. b.
  9. LIEPINŠ Emils (Q36.5) d. b.
  10. ARCAS Jorge (Movistar) +0:26

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun