Miren Amurizak 'Pleibak' bertso saio literarioa aurkeztuko du igandean Arizkunenean

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 20a, 12:00

Miren Amurizaren Pleibak liburua aurkezteko bertso saioa izanen da otsailaren 23an Elizondon. Testuekin eta gaiekin arituko da Amuriza, eta Uxue Alberdi eta Ane Labaka bertsotan. Saio musikatua izanen da, Miren Narbaiza 'Mice' artistaren eskutik. Igandean 18:00etan Arizkunenean izanen da hitzordua.

Sinopsia

Nerabe paisaia rural-poligonero bat, institutuko korridore atenporalak, Morora busean jaistea eta belodromora motorrean igotzea, Hemendik At, Chenoa, Su Ta, lokaleko maromoak eta txosnetako Goi Gerlariak, Largo eta Beda Agarreko sukaldean, erantzun gabeko perdidak, behor hezurrak, istripu bat.

Umezaroa elkarren itzalean zabuka igaro ostean, gaur da eguna kalean gurutzatu eta batak bestea ignoratzen dutena. Distantzia horrek sorrarazten dion amorrazio retroaktiboak sakatuta zuzentzen zaio Jone Pollyri; neskatotan, ahoak nola-hala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen zuen txaleteko bizilagunari.

Ezer gertatu ez zenean gertatu zen guztia jasotzen du Miren Amurizaren bigarren nobelak, egonezin primario bat, partekatua izan zen bide baten adarkatzea. Sasoi baten erretratua da kontakizun hau, belaunaldi bat ordezkatzen duten erreferentzia ugarirekin eta zikinak jandako hizkuntza batekin eraikia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun