Sahararen aldeko elkarretaratzea eginen dute larunbatean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 19a, 10:00

Apirilaren 11n, berriz, Kristina Berasainek Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztuko du Arizkunenean 19:00etan. Gainera, aurtengo Oporrak bakean egitasmorako harrera familiak bilatzen hasi da Saharaztan

Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zen eguna ospatzen da otsailaren 27an, RASD eguna, eta aurten ere elkarretaratzea eginen du Saharaztan elkarteak. Otsailaren 22an, larunbatean, Elizondoko plazan bilduko dira 12:30ean, saharar herriari elkartasuna adierazteko Sahara sahararrentzat! lelopean. Gainera, elkartearen materiala erosteko aukera izanen da; kamisetak, boligrafoak, erosketa poltsak…

Oporrak bakean

Aurtengo Oporrak bakean programa martxan da, eta udan Saharako haurrak eskualdera ekartzea du helburu. Saharaztan harrera familiak bilatzen hasi da Baztan-Bidasoan, eta interesa dutenek informazio eskatzen ahal diote elkarteari saharaztan@hotmail.com helbidearen bidez, edo edozein kideri galdetuta.

Horrez gain, saharar herriak bizi duen errealitatea ezagutzera emateko asmoarekin, Sahara, herri bat erresistentzian liburuaren aurkezpena antolatu dute apirilaren 11n Arizkunenean. Kristina Berasain Tristan kazetari eta idazleak aurkeztuko du liburua, eta Saharako errealitatea eta bere ezagutzak partekatuko ditu. Hitzordua aitzakiatzat hartuta, liburua irakurtzera animatu dituzte eskualdeko herritarrak, «udan ekartzen ditugun haur horien errealitatea baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun