Baztango Gizarte Zerbitzuek Gan-torri programa antolatzen dute urtero, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduak, «besta giroan kotxe istripuak saihesteko» helburuarekin. Hori dela eta, «herrietako bestak ospatzen diren egunetan zein bertzelakoa ospakizunetan autobus zerbitzua jartzen da, herriz herriko joan-etorriak modu eroso eta seguruan egiteko». Gainera, «garraio publikoa sustatu nahi da zerbitzuarekin».
2004tik martxan dago programa, «eta urte hauetan guzietan erabiltzaile kopuruak goiti egin du beti, baita eskaintzen diren zerbitzuen kopuruak ere». 2024an 20 zerbitzu eskaini zituzten; 15 herrietako bestetan, kinto besta egunean, Baztandarren Biltzarran, Txokotoko bestetan, Elizondoko ferietan eta Eguberri gauean. Erabiltzaile kopuruari dagokionez, iaz 2.155 lagunek erabili zuten zerbitzua, 2023an baino 352 pertsona gehiagok.
Udalak adierazi duenez, «2025ean ere zerbitzuaren aldeko apustua egiten» segituko du.