Elizondo Lanbide Eskolako Haur Hezkuntzako ikasleek mapa interaktibo bat osatu dute, Bortzirietan, Malerrekan, Baztanen, Xaretan eta Bertizaranan haurrendako baliabide guztiak erraz aurkitzeko. Gurasoei zuzenduta dago batez ere, «lehen haurra izatean, bere behar eta nahiak asetzeko zein zerbitzu eta non dauden jakin ahal izateko».
Azaldu dutenez, «hainbat baliabide erabili ditugu mapa egiteko. Kide batzuk udaletxeekin kontaktuan jarri dira eta gehienbat barrideekin solastatu gara, inguruko zerbitzuen kokapena zehazteko». Ondoko zerbitzuak bildu dituzte, ikono bereizgarriarekin:
- Farmaziak: Gurutze berdea
- Osasun etxe eta anbulatorioak: Gurutze gorria
- Parkeak: Kolunpio laranja
- Eskolak: Arkatz horia
- Frontoiak: Erraketa morea
- Igerilekuak: Igerilariaren ikono urdina
- Haur eskolak: Haurraren ikono beltza
- Gizarte zerbitzuak: Eraikin grisa
- Desfibriladoreak: Bihotz berde iluna
«Zerbitzu eskasak»
Proiektuarekin ondorioztatu dutenez, «zenbait herritan zerbitzuak murritzak dira; haurrak medikuarengana joateko herriz mugitu behar dira eta pediatra zerbitzuak, orokorrean, herri haundietan daude». Horrez gain, «zenbait herritan, eskolako patioaz eta pilotalekuaz gain, ez daude haurrei zuzendutako eta egokitutako jolastoki edo parke nahikorik». Hezkuntzari dagokionez, «nahiz eta eskola ttikiak herri guztietan izan, haur eskoletara joan nahi dutenek kasu gehienetan haien herritik kanpo mugitu beharko dute».
Beraz, «haurrei zuzendutako zerbitzuak eskasak dira, eta gure eskualdean horren inguruko kontzientzia hartzea espero dugu, baliabideak hobetu daitezen».