Baztango Udalak Non habila Perkain? dokumentalaren emanaldia antolatu du otsailaren 14an, 19:00etan Arizkunenean. Aldudarrak Kultur Elkarteak ekoiztu du filma eta Perkain pilotari aldudar famatuaren aztarnaren gibeletik ibiliko da Mikel Erramouspe 50 minutuko dokumentalean.
Kontakizunak dioenez, Frantziako Iraultzaren garaietan Baztanerat ihes egin zuen Perkainek, baina Alduden apustua bota zioten eta pilota partida bat jokatzera joan zen. Pilotan ari zela, polizia joan zitzaion atxilotzera, eta pilota kolpe batez komisarioa hilda, Baztanerat ihes egin zuen berriz ere. Zer da egia eta zer da mitoaren parte?
Proiekzioaren ondotik solasaldia izanen da; Aldudeko eta Baztango pilotarien arteko lehiaz solastatuko dira Tiburtzio Arraztoa eta Mikel Erramouspe.