Alazne agerre etxalar

«Kontzertuetan parte hartzea itzela izan zen»

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 9a, 08:00

Zetak taldeak Iruñean emandako Mitoaroa ikuskizunetan parte hartu zuen Alazne Agerre almandoztarrak, Lantzeko Txatxo gisa beztitua. Esperientzia horretaz eta inauteez mintzatu da TTIPI-TTAPArekin

Nor dugu Alazne Agerre?

Neska alaia eta naturala, baina genio bizikoa. Bizitzaren intentsitatearen maitale zoroa.

Zein dira zure zaletasunak?

Animaliak eta mendia. Aunitz gustatzen zait etxe inguruko txokoetan ibiltzea.

Zetak taldearen Iruñeko kontzertuetan Lantzeko Txatxoekin atera zinen. Nola sortu zen aukera?

Nire bikotekidea Lantzekoa da, eta taldea herriarekin harremanetan jarri zen, kontzertuan parte hartzeko proposatuz. Herriko bertze batzuekin animatu nintzen; ez nuen zalantzarik izan baietz errateko.

Nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia itzela, emozio aunitzekin bizitakoa. Inoiz ez dut horrelakorik bizi eta oraindik ezin dut burutik kendu. Seguru nago momentu horiek betiko oroituko ditugula.

Entsegu aunitz eskatu zituen?

Ez, bi aldiz entseatu genuen eta zortea izan genuen gure zatia argia genuelakoz.

Urduri zinen?

Bai, inoiz ez nintzen Txatxoz beztitua eta kontzertu bakoitzean 15.000 pertsonen aitzinean ateratzeak errespetu haundia eman zidan. Hala ere, lanztarrek animoak eta aholkuak eman zizkidaten, lasai ateratzeko eta momentuaz disfrutatzeko. Talde giro ederra genuen eta horrek konfiantza eman zidan.

Zer dira Lantzeko Txatxoak?

Herritarrak dira. Ziripotek, Mielotxin harrapatzeko intentzioarekin, besta bat egin zuen, eta haiek arropa koloretsuenak jantzita joan ziren. Baina aurpegiak estaliak zituzten, gaizki atera eta Mielotxinek alde egitea lortzen bazuen, mendekurik har ez zezan.

Almandozen ere inauteriak izanen dituzue laster. Gogotsu?

Bai, herriko gazteek konfiantza eta konplizitatea daukagu gure artean eta urtetik urtera hobe pasatzen dugu. Herrian barna jai eta alai ibiltzeak ez du preziorik.

Zein nahiago, Almandozko inauteriak edo Lantzekoak?

Ez naiz aukeratzeko gai. Almandozkoak beti izanen dira bereziak, herrikoekin disfrutatzeko, arras gureak. Lantzek historia eta tradizioa ditu eskutik, eta herrian sortzen den sentimendua arras polita da. Biek dute bere xarma eta biak gogoz bizitzen ditut.

Zure asmoak epe motzera?

Lan finko eta duina lortzea.

Eta epe luzera?

Nork daki… aukeratzerik banu, etxetik eta maite dudan jendearengandik hurbil segitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun