Komiteko kideek bertaratutako guztiei eskerrak eman zizkieten, eta bat egin zuten lurraren defentsan aritzen diren euskal mugimendu eta kolektiboekin. «Gaur, hemen, Aroztegiaren kontrako borroka kasu isolatu bat ez dela erakutsi dugu. Elkarrekin eginen dugu bidea!».
Aroztegiko proiektuari dagokionez, «hasmentatik herriaren borondatearen gainetik bortxaz eta errepresio bortitzaren bitartez inposatua» izan dela salatu zuten, eta «herritarren erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu zuten. Horrez gain, «bizitza sostengatzeko ezinbertzekoak diren ura, lurra, ingurugiroa eta tokiko nekazaritza estentsiboa defenditzen dugunez, borroka ekologistarekin ere bat egiten dugu».
«Bizitzaren alde borrokatzeagatik zigortu nahi gaituzte. Gure bazterrak inpunitatez eta lotsarik gabe xehatzen dituzten horiek, kriminalak deitu eta kartzelara bidali nahi gaituzte. Kriminalak gu? Nor da hemen kriminala?». Gainera, UGEParen eta Nafarroako Gobernuaren «ezinbertzeko konplizitatea» ere salatu zuten. «Hori ez aski, eta pelotazoa gaizki atera zaienez, guzion zakutik indemnizazioa eskatzen dute, 43 milioi euro hain zuzen ere. Eta zazpi auzipetuei ere eskatzen ahal diete sos hori. Hemen, herritarren bizkar sakelak betetzea da afera. Lotsagarria!».
Bortxa eta derrigortze delituak eta talde kriminala izatea leporatu diete auzipetuei; «honek aurrekari arrunt larria suposatuko lieke Euskal Herriko herri mugimenduei. Badakigu oldarraldi errepresibo hau ez dela Aroztegiko 7 auzipetuen kontrakoa bakarrik. Epaiketa honekin herri mugimendu osoa kriminalizatu nahi dute». Hala ere, argi utzi zuten «ez dugula sorgin ehiza hau onartuko, eta hemen badagoela bere burua defendatzeko prest dagoen herri oso bat. Oldarraldiak oldarraldi, karriketan, mendietan, oihanetan eta etxaldeetan zutik iraunen duen herri bat dago eta egonen da».
Azkenik, ohartarazi zuten epaiketa maiatzaren 19tik 23ra izanen dela.