BABESTUTAKO EDUKIA

BKZk Baztan Park modernizatzeko proiektua onartzeko eskaera egin dio Baztango Batzar Nagusiari

Ttipi-Ttapa 2025eko otsailaren 2a

Baztango Batzar Nagusi Berezi batean proiektu honen etorkizuna laster erabakitzea eskatu du BKZk.

Testua eta irudiak: BKZ

Lau urte pasatu dira Baztan Park berritzeko proiektua Balleko Etxean sartu genuenetik. Behingoz erabaki bat hartzeko ordua da. Ez da bide erraza izan, baina proiektu honetan erabat sinesten dugu, baztandar guztiendako ona delako eta proiektu hau ERABAT LEGALA ERE BADELAKO. Baieztapen hau horrela dela azaltzeko, Baztango Udalean lau informe sartu ditugu, Batzar Nagusiko kide guztiek irakur dezaten eta euren erabakia aspektu tekniko eta legaletan oinarrituta har dezaten. Herriren baten proiektua azaltzea nahiko balu, gustura joanen ginateke. (Tel: 948 592 322).

Hauek dira lau informeak:
  1. Nafarroako Gobernuak egindakoa.
  2. Maria Urmeneta eta Patxi Chocarro arkitektuek egindakoa.
  3. Iñaki Urkia eta Carlos Herrera arkitektuek egindakoa.
  4. Prolesogal enpresako ingeniariek egindakoa.

Informeak www.navarraaventura.com helbidean ikus daitezke.

 

Hamalau (14) arrazoi proiektu hau babesteko:

 

BAT: Proiektua arras JASANGARRIA da, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik begiratuta.

Ez du lur eremu komunalen birkalifikaziorik eskatzen. Proiektu osoa aspalditik baimendua dugun terrenoan eginen litzateke. Inguruarekin, gure kulturarekin, hizkuntzarekin… errespetu osoz egindako proiektua da. Eta garrantzitsuena: baztandarrek parte hartzeko aukera dute kide eginez.

BI: Beartzungo errepidea konponduko dela ziurtatzen dugu.

Nafarroako Gobernuak konpontzeko proiektua egina du eta beti erran dugu Baztan Park-ek lortuko duela finantzaketa. Errepidea konpondu  gabe, proiektua ez da eginen. Parlamentuan egon gara eta partidu gehienek arras ongi ikusten dute proiektu hau. 

Parkeak egun osorako sarrera izanen du. Beraz, jendea goizean ailegatuko da eta arratsaldean joanen da.

HIRU: 20-30 lanpostu finko sortuko ditu urte osoan. Hona zenbait aktibitate berri:
  1. CANYON GRAVITY. Zeelanda Berrian dagoena bezalakoa: 800 metroko tirolina azkar bat, 130 km/orduko abiadura hartuko lukeena.
  2. BERTIGO TREK - SLACKLINE antzera: 40 metroko altueran segurtasun kable bat erabiliz, pasarela batzuetatik pasatu behar da bertigo sentsazioa esperimentatzeko.
  3. HAUR TTIKIEN MUNDUAREN TXOKOA: Iparraldean kokatua dagoen Wow Park-en antzeko espazio bat, hiru urtetik goitiko umeendako. Arbolaz arbola, sare batzuen bidez haurrek gozatzeko aukera izanen dute.
  4. CANYON TREK - ARROILA SARETATIK JAUSTEN: Beartzungo arroila (erreka) sare batzuen bidez 800 metroko ibilbide batetik jaustea da (Wow Park-en antzera). Lau urtetik goitiko umeek egiteko aukera izanen dute.
LAU: Turismotik bizi diren pertsonendako eta gremioendako baliabide on bat sortzea.

Urte osoan irekia egonen den LEHEN MAILAKO BALIABIDE TURISTIKO bat sortuko da, non guztien artean koordinazio ekimen bateratuak sortuko diren.

BORTZ: Ikastetxeendako.

Baztango eskola, ikastola, institutu eta abarrentzat jarduerak prezio hagitz berezietan egiteko aukera izanen da. Elizondoko Lanbide Eskolan ematen den kirol moduluentzat instalazio paregabe bat sortuko da euren espezialitatea indartzeko.

SEI: Seme-alabak dituzten gurasoendako.

‘Lagunen Laguna’ kluba sortuko da, haurrek parkeko zerbitzu guztiekin gozatzeko aukera izan dezaten. Baztanen ez dugu zinerik, teatrorik,… baina haurrek naturaz gozatzeko aukera paregabea izanen dute.

ZAZPI: Bai Baztango Kirol klubendako zein ekitaldi berezien egunak antolatzen dituztenendako, Baztan Park babesle indartsu bat izanen da.
 
ZORTZI: Elbarrituendako egokitua.

Parke hau elbarrituendako egokitua egonen da aktibitate gehienetan, kolektibo honendako erreferentziazko parke bat izanen delakoan.

BEDERATZI: Instalazioak hobetzea eta Harrera Etxe berri bat sortzea.

Baztango gaurko eraikuntza araudiari egokitutako baserri bat ireki nahi da. Parke ttikia baina kalitate handikoa egin nahi da, Europako hoberenetako bat bihurtzeko. Baserriak harrera tokia, aldagelak, bulegoa, ostatua eta abar izanen ditu, horrelako parkeek dituzten azpiegituren antzera. 

HAMAR: Eskualdeko produktu ekoizle eta saltzaileen gremioendako aukera berri bat sortuko da.

Parke honetan beraien produktuak saltzeko aukera izanen dute, gune jakin batean, modu horretan EKONOMIA ZIRKULARRA BULTZATUZ tokiko produktuen kontsumoaren bidez: haragia, edariak, esnekiak…

HAMAIKA: Bertze gremio batzuendako lanerako aukera sortuko da.

Proiektuak 4 milioi euroko aurrekontua du eta horietatik 2,5 milioi euro zuzenean parkeko azpiegiturak eraikitzen gastatuko denez, inguruko gremioendako lan eskaintza haundia sortuko du. Horren ondotik ere, gremio hauen beharra izanen da mantentze lanetarako.

HAMABI: Parkea urte osoan zabalik eduki  nahi da.

Urte osoan zabalik izateko, hamar txabola egitea ezinbertzekoa da, ezinduendako egokituak. Orokorrean, proiektu honekin langileen laneko baldintzak hobetuko dira, baita bezeroen eta trafikoaren segurtasuna ere, klimatologiak laguntzen ez duenean bisitariendako baldintzak hobetuz eta, ondorioz, jarduerak utzi gabe lanpostuei urte osoan eusteko aukerak nabarmen hobetuz. 

Hasieran aipatutako lau informeek argi eta garbi diote Baztan Park proiektuak Baztango eta Nafarroako araudiak betetzen dituela eta, hortaz, ez dagoela arrazoirik baimena ukatzeko.

HAMAHIRU: Udalaren zergen bidez obrak sortutako diru sarrerek onurak ekarriko dituzte zuretako eta zure herriarendako.

Lizentzia zerga 160.000 eurokoa izanen da, eta jarduerengatik 30-50.000 euro inguruko kanona urtero (orain 15.000 inguru ordaintzen ditugu). Hori kontuan hartuta, Baztango herrietan udalak egiten dituen gizarte zerbitzuak eta inbertsioak mantentzen eta hobetzen lagunduko dute. Gisa horretara, baztandar guztiak irabazten dute. 

HAMALAU: Inbertitzeko aukera.

Baztandar guztiek, baita Udalak ere, aukera izanen dute proiektu honetan inbertsore gisa parte hartzeko: batzuk LANGILE BAZKIDE bezala, eta bertzeek INBERTSORE gisa.

Ikusten denez, proiektu honen helburuak onak dira baztandar guztiendako. Proiektua erabat jasangarria da eta aukera ematen du parte hartzeko. Garbi uzten da guztiz legala dela eta Baztango eta Nafarroako Legeak betetzen dituela.

Baztan Parkek eta Langileek Batzar Nagusiari proiektua babestea eskatzen diogu. Esker mile Baztan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun