Baztango Udalak 306.000 euroko dirulaguntza hartuko du hondakinen kudeaketa hobetzeko

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 29a, 13:30

Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen Hondakinen Funtsetik hartuko du dirua, 306.263,41 euro zehazki, 2023-2026 urteen artean hondakinen kudeaketa hobetzeko egin diren eta eginen diren ekintzak finantzatzeko

Baztango Hondakin Zerbitzuak azaldu duenez, «Nafarroako eta estatuko hondakinen legeen arabera, zabortegira bideratzen dugun hondakin tona bakoitzeko kanon bat ordaintzera behartuak gaude hondakinen kudeaketan aritzen garen entitate guztiak. Nafarroan, ordaindutakoaren bitartez, Hondakinen Funtsa izeneko diru poltsa hornitzen da. Poltsan bildutako dirua mankomunitateei eta udalei itzultzen zaie, hondakinen kudeaketa hobetzeko egin duten ekintzen arabera, eta dituzten kudeaketa sistemekin lortutako hondakinen murrizpen edota birziklapen datuen arabera».

Funtseko dirua berreskuratzeko, bi deialdi mota egiten dituzte: urteko dirulaguntzak eta hainbat urtetakoak. Baztango Udalari dagokionez, ondoko diru ekarpenak onartuak izan zaizkiola jakin izan du:

  • 2023. urteko hainbat urteetarako dirulaguntza: 74.828,30 €
  • 2024. urteko dirulaguntza: 31.435,11 €
  • 2024. urteko hainbat urteetarako dirulaguntza: 200.000 €

Dirua lau ekimen finantzatzeko erabili du edo erabiliko du udalak:

  • Hondakinen prebentzioa: hondakinik gabeko pintxo poteoa, joste tailerra, bizikleten mantentze eta erreparazio tailerra, ekitaldietan erabiltzeko pitxerren erosketa…
  • Gai organikoaren birziklapena: akonpainamendu zerbitzua, kontenedore marroien erosketa…
  • Gainerako frakzioen bilketa eta balorizazioa: hondakinen egutegia, bilketa kamioietan GPS sistemaren ezartze eta mantentzea, ontziak eta paper/kartoia biltzeko kontenedoreen erosketa, konpost analitikak, material birziklatuekin eginiko baratzeko mamuen tailerra eta udaberriko azokako birziklapen tailerra..
  • Baztango garbigunea: Baztango garbigunearen eraikuntza lanen zati bat eta Loizun kimaketa hondarrak biltzeko gunearen moldaketa lanak finantzatzen dira.

Ekimen horiekin, «hondakinen kudeaketa hobetu eta ondoko urteetan zabortegira bideraturiko hondakin kopurua guttitu, ordaindu beharreko kanona murriztu eta frakzio birziklagarrien portzentaiak haunditzea dira Hondakin Zerbitzuak planteatzen dituen helburuak, eta horretarako herritar guztien parte hartzea ezinbertzekoa da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun