Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Ernaiko gazteek bat egin dute Aroztegiko manifestaziorekin larunbatean Iruñean

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 27a, 14:00

Baztango Ernaik deituak, hainbat gazte bildu ziren larunbat goizean Lekarozko plazan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak antolatutako manifestazioarekin bat egiteko. Otsailaren 1ean 16:00etan Iruñeko epaitegietatik abiatuko da mobilizazioa, baina 15:50ean Intsumisioaren parkean bilduko da gazte blokea.

Agerraldian adierazi zutenez, auzipetuetako zazpi baztandarretatik lau Ernaiko militanteak dira, «eta ez da kasu isolatu bat. Aurrekari bat sortu nahi dute, eta herri mugimendua kriminalizatzera joko dute hemendik aitzinera. Ehunka lagunek parte hartu zuten kanpaldi batean zazpi pertsona soilik auzipetu izanak militantzia politikoan aritzeagatik eta herri mugimenduan parte hartzeagatik epaituak izanen direla argiki adierazten du».

Aroztegiko proiektuari dagokionez, argi utzi zuten «Baztan ez dagoela salgai» eta «gure lurra eta komunitatea babesteagatik jasandako errepresioa» salatu zuten. «Argi dago handik edo hemenik sos bila dabilela Palacio de Aroztegui SL enpresa, lehenik proiektuarekin, eta orain Nafarroako eta Espainiako gobernuei eskatu dizkieten 43 milioi euroko indemnizazioarekin. Bi gobernu horiek kantitate hori ordaindu ezean, auzipetuen gain eror daiteke ordaintzearen ardura. Lurra eta herri borondatea babesteagatik hau ordaintzea onartezina dela adierazi nahi dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun