60 neska mutiko txirrindularirekin akitu du 2024ko denboraldia Baztandarra Txirrindularitza Taldeak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 25a, 09:00

Joan den urteko laburpena egin du taldeak, eta aurtengo denboraldiari begira, martxoan hasiko dituzte taldeko entrenamenduak BTT modalitatean, Lekarozko campusean. Errepideko txirrindularitzako entrenamenduak, berriz, apirilean abiatuko dira.

Adin guzietako gaztetxoek parte hartu dute Baztandarra Txirrindularitza Taldeko eskolan azken urtean; 2017an sortutakoetatik hasita ttikiak, hasiberriak, kimuak, haurrak eta kadeteak. Horrela, 60 gaztetxok akitu dute ikasturtea, Baztangoak zein Baztandik kanpokoak. Zehazki, Almandoz, Aniz, Berroeta, Arraioz, Oronoz-Mugairi, Irurita, Lekaroz, Gartzain, Elizondo, Arizkun, Azpilkueta, Erratzu, Amaiur, Legasa, Narbarte, Doneztebe, Sunbilla eta Etxalartik etorritakoak.

Txirrindularitza eskolaz gain, Baztandarrak taldeko maillota jantzi dute 23 urtetik beheitikoek, elite mailakoak, masterrak (30, 40 eta 50) eta zikloturista mailetan dabiltzan txirrindulariak.

Ekitaldiz betetako urtea

Txirrindularitza eskolak Nafarroako Kirol Jokoetan (NKJ) parte hartzen du, eta azken urtean hainbat frogatan aritu dira: otsaila eta martxoan pista modalitatean, martxotik ekainera bitarte BTTn (mendi bizikletan), apiriletik ekainera errepideko txirrindularitzan eta abenduan ziklo-krosean. Uda guzian herrietako bestetan antolatutako lasterketetan ere ibili dira haur eta gazteak.

NKJko kimu, haur eta kadete kategorietako frogak puntuagarriak dira, eta Baztandarra taldean emaitza onak lortu dituzte. Nafarroako Selekzioarekin estatu mailan lehiatzen aritu dira Sara Garcia Sanzberro sunbildarra BTTko modalitatean eta Igor Viela Zelaieta arraioztarra errepideko txirrindularitzan, biak ere haur kategorian (13-14 urte). Villaves taldean ari den Ioritz Barberena Meoki lekaroztarrak ere Nafarroako Selekzioarekin parte hartu du errepideko txirrindularitzako txapelketetan.

Urtea akitzeko, taldeko Alberto Barberena Goñik emaztekiendako bizikleta mekanika tailerra eman du, Baztango Udaleko Hondakin zerbitzuak antolatua. Ikastaroaren balorazio positiboa egin dute, eta aurten errepikatzeko asmoa dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun