Baztango turismo ostatuen erabilera arautu eta ordenatzeko plana abiatu du udalak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 24a, 18:00

Atzoko osoko bilkuran eman zioten hasierako onespena planari, EH Bildu eta Zurekin Baztanen bederatzi aldeko botorekin, UPN eta Baztango Independenteen kontrako hirurekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin

Azken urteetan turismoaren egoera aztertzen aritu da Baztango Udala, «etorkizunera begira eman beharreko pausuak hausnartzeko helburuarekin». Bide horretan, Felipe Saragueta Aholkultaritzak, Rehabite Aholkularitza Teknikoak eta Ikertaldek plan berezia prestatu dute, «turismo ostatuen erabilera arautu eta ordenatzeko».

Planak Baztan kuartelka zonifikatzea aurreikusi du, «bakoitzaren jasangarritasun adierazleen arabera ostatu berriak irekitzea ahalbidetzeko». Hiru jasangarritasun adierazle finkatu dituzte, mugak ezarriz:

  • Ohe kopurua: 35 plaza 100 biztanleko.
  • Lehen etxebizitzaren ehunekoa, etxebizitza kopuru osoaren gainean: %35.
  • Espazio dentsitatea, ostatu turistikoko ohe kopurua kilometro koadroko: 10 ohe kilometro koadroko.

Hiru adierazle horietatik bik jarritako mugak gainditzen badituzte, ezin izanen dira ostatu berriak ireki, muga horiek jaitsi arte. Bertzalde, kuartel bakoitzeko dentsitate haundiko ostatu bakarra onartuko da, hau da, 50 ohe baino gehiagokoa. Hori guztia kudeatzeko, ostatu turistikoek turismo ostatuen erroldan eman beharko dute izena.

Horrez gain, turismo ostatuen udal errolda arautzeko ordenantza landu dute, eta atzo eman zion hasierako onespena udalbatzak. Kasu honetan, EH Bilduk eta Zurekin Baztanek alde bozkatu zuten (bederatzi boto), UPNk eta Baztango Independenteetako zinegotzi batek kontra (bi boto), eta Geroa Bai eta Baztango Independeteetako bertze zinegotzia abstenitu ziren (bi abstentzio).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun