Aroztegiko Elkartasun Komiteak otsailaren 1ean Iruñean antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du Sustrai Erakuntza fundazioak. Epaitegietatik 16:00etan abiatuko da mobilizazioa eta oraingoz 139 erakundek egin dute bat deialdiarekin. Fundazioak adierazi duenez, «hainbat arrazoi ditugu mugimenduarekin bat egiteko»:
- «Asmo espekulatibo eta merkantilista duen proiektu suntsitzailea da. 340 biztanleko Lekarozko herrian, 228 familia bakarreko etxebizitza, 4 izarreko luxuzko hotela eta golf zelaia egin nahi dute».
- «Proiektu antidemokratiko eta inposatzailea da, herritarren borondatearen kontra egina. Gainera, Nafarroako Gobernuak Baztango udalari eskumenak kendu dizkio. Horretako UGEP erabili du, udalerriz gaindiko eragina duten planen figura juridikoa».
- «Proiektu usurpatzailea da: nekazarien lurrak eta herri lurrak desjabetuak izan dira».
- «Palacio de Arozteguia enpresak ilegalki jardun du. 2021ean baimen guztiak eduki gabe eta inpunitate osoz makinak sartu zituzten obrak abiatzeko».
- «Enpresak errepresioa eta zigorraren bidea hartu du lurra defendatu dutenen kontra. Herritarrek kanpaldi bat egin zuten obra hauen kontra agertzeko Aroztegiko eremuan bertan. Orain, kanpaldi horretan parte hartu zuten zazpi lagunek aste osoko epaiketa izanen dute. Akusazioen artean bortxa eta derrigortze delitu larriak eta talde kriminal izatea daude. Orotara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko zigorra eskatzen zaie».
Hori dela, «elkartasun eta babes osoa» erakutsi diete auzipetuei eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote «enpresa handien eta inbertsio funtsen aldeko UGEPak bertan behera utz ditzala».