Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Otsailaren 1eko manifestaziorat joateko deialdia egin du Aroztegiko Elkartasun Komiteak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 21a, 14:30

Iruñeko epaitegien aitzinean agerraldia egin du gaur goizean Aroztegiko Elkartasun Komiteak, bertze hainbat eragileren ordezkariekin batera. Jakinarazi dutenez, Euskal Herri osoko 139 eragilek adierazi diote atxikimendua otsailaren 1ean 16:00etan Iruñeko epaitegietatik abiatuko den manifestazioari.

Adierazi dutenez, «Lekarozko herrian gertatzen ari dena Euskal Herriko zenbait herritan gertatzen ari denaren bertze adibide bat da. Aturritik Ebrorat errepikatzen ari den errealitatea da Aroztegiko proiektuarekin bizi duguna. Nafarroan, Gipuzkoan, Lapurdin, Xiberoan, Bizkaian zein Araban, arnasten dugun airea eta edaten dugun ura kutsaturik daude. Gure herri lurrak, baserriak, eta oihanak xehatu nahi dituzten proiektuak inposatzen ari zaizkigu. Espekulazioa eta diru gosea oinarri dutela, belaunaldiz belaunaldi denenak eta denendako izan diren baliabideak hondatu nahi dituzte, jauntxo bakar batzuk aberasteko, herritar langileak prekarietatera kondenatzen gaituzten bitartean».

Inguruarekin batera, «gure kultura eta hizkuntzak ematen digun mundu ikuskera ere desager daiteke. Auzolana, herri batzarra, lurraren jabetza publikoa eta bizitza erdigunean jartzen dituzten gorputzak eta herriak traba egiten baitiete menpe nahi gaituen kapitalismo zisheteropatriarkal eta kolonialari, baita sistema hau oinarritzat duten Espainiar eta Frantziar estatu zapaltzaileei ere».

Izan ere, «bizitza sostengatzeko ezinbertzekoak ditugun baliabideak eta bizimoduak defendatzeagatik zigortu eta kriminalizatu nahi gaituzte. Aroztegiko kanpaldian parte hartzeagatik zazpi lagun kartzelara bidali eta ekonomikoki ito nahi badituzte ere, badakigu zigor honek herri oso baten bizirauteko gogoa eta burujabe izateko borondatea zigortzea duela benetako helburu. Errepresioaren bertze adibide bat baino ez da. Epaiketa honek ez luke Baztan bakarrik jarriko jopuntuan, Euskal Herri osoa baizik».

Hori dela eta, «herri gisa ozen eta modu bateratuan erantzuteko beharra ikusten dugu. Ozen errepikatuko dugu herri hau ez dagoela salgai eta mendez mende egin dugun gisan bortxaz guziona dena bereganatzera etortzen badira aitzinean edukiko gaituztela eskubidez dagokiguna defendatzen».

Azkenik, «eskertu nahi ditugu hondarreko hilabeteetan deialdiarekin bat egiteko lanean ibili diren eragile guziak. Aldi berean, animatu nahi ditugu orain arte beren atxikimendua eta babesa erakusteko aukera izan ez dute eragileak, otsailaren 1a bitarte deialdiarekin bat egitera publikoki».

Deialdiarekin bat egin duten eragileen zerrenda osoa ikusteko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun